HAMABI HARRIEN AHOTSA | Gerediagak elkartearen mende erdiko historia eta istorioak batu ditu liburu baten
Izaskun Ellakuriaga
Asteazken honetan, iluntzeko 19:00etan, Durangoko Kurutzesantu museoan egingo du Gerediaga Elkarteak liburuaren aurkezpena jendeaurrean. Hala ere, domekan, Astolara hurbildu eta elkartekoekin “Topa!” egin zutenek izan dute aukera argitalpena eskuartean hartzeko, labetik atera berri izan zen eta 50. Urteurreneko jaian.
Gerediaga Elkartearen historia dago jasota liburuan, baita Durangaldekoa ere. Izan ere, Gerediaga Elkartea eta Durangaldeak eskutik egin dituzte azken 50 urteak. Liburua erreza da irakurtzen. Jon Irazabalek batu ditu historiari dagozkion datu garrantzitsuenak. 80ko hamarkadatik elkarterako lanean ibili izanak askorako balio izan dio zeregin horretan. Raquel Calvo kazetariak, berriz, datu osagarriak bilatu ditu elkarteko artxiboetan eta protagonisten lekukotzat batu ditu. Bien artean, 190 orrialdetako liburua egituratu dute. Argazkiek ere garrantzia handia dute argitalpen honetan. Asko, sekula argitaratu bakoak dira. Liburua euskaraz argitaratu da, baina gaztelerazko itzulpena eranskin modura dauka azken orrietan.
| 15 eurotan | Asteazkenean aurkeztu eta datorren astetik aurrera Durangaldeko ohiko liburudendatan eskuratu ahal izango da 15 eurotan. Bazkideek, elkarteko bulegoan, 10 euroko prezioan eskuratu ahal izango dute. Aukera polita da liburua eskuratu eta irakurtzea. Gomendagarria Durangaldeko historia ezagutu nahi duen edonorentzat. Asko harritu egingo da, Gerediaga Elkarteak bere historian zehar zenbat ekimen diferente aurrera ateratzeko bidelagun izan den.