Amorebieta-Etxanok ludoteka feminista bat izango du mahai-jokoen jaialdian
MUGA AMOREBIETA-ETXANO
Emakumeek sortutako mahai-jokoak, ikuspegi feministako proposamenak eta genero-estereotipoei buruz hausnartzeko jarduerak izango dira azaroaren 21ean eta 22an Zelaieta Zentroan egingo den jaialdiaren ardatzetako batzuk.

Amorebieta-Etxanok Jokoan mahai-jokoen jaialdiaren edizio berri bat hartuko du azaroaren 21ean eta 22an, Zelaieta Zentroko frontoian. Aurtengo hitzorduko berrikuntza nagusietako bat ludoteka feminista izango da. Bertan, emakumeek sortutako mahai-jokoak eta ikuspegi feministatik landutako proposamenak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute bisitariek. Azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, harira, berdintasuna eta emakumeen ekarpenen ikusgarritasuna izango dira jaialdiaren gai nagusietako batzuk.
Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako ekimena adin guztietako herritarrei zuzenduta dago. Sarrera doakoa izango da, eta bi egunetan 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik. Jolasguneez gain, jarduera parte-hartzaileak eta familian gozatzeko proposamenak eskainiko ditu.
Emakumeen sorkuntza eta berdintasuna
Ludoteka feministak emakume joko-sortzaileen lana ezagutarazteko gune berezia izango du. Joko bakoitzaren egileari buruzko informazioa eskainiko da, eta dinamizatzaile batek bisitariei azalpenak emango dizkie. Gainera, Bilboko emakume joko-sortzaile batek Gabonetan merkaturatuko duen joko berri bat aurkeztuko du, oraindik argitaratu gabeko beste proposamen batzuekin batera.
Jaialdiak prototipoentzako gune bat ere izango du. Bertan, hainbat proiektu, haien helburuak eta horien atzean dauden sortzaileak ezagutzeko aukera egongo da. Genero-estereotipoei buruz hausnartzeko jokoak ere eskainiko dituzte.
Hiru gune adin eta interes desberdinetarako
Jokoan jaialdiak hiru gune nagusi izango ditu. Gune orokorrak 20 joko-mahai eskainiko ditu, 8 urtetik gorako haur, gazte eta helduentzat. Bertan, askotariko mahai-jokoak probatu ahal izango dira, langile espezializatuen laguntzarekin. Jokoen katalogoa QR kode baten bidez kontsultatu ahal izango da.
Familia-guneak, berriz, 24 joko-mahai izango ditu, 4 urtetik gorako haurrentzat, betiere heldu batek lagunduta. Parte hartzeko, mahaia eta ordutegia aurrez erreserbatu beharko dira. Talde bakoitzak aholkularitza jasoko du, parte-hartzaileen adinaren eta gustuen araberako jokoak aukeratzeko.
Izen-ematea azaroaren 12an zabalduko da. Erreserbak 94 630 06 49 telefono-zenbakira deituta edo Zelaieta Zentroko Gazte Informazio Bulegoan egin ahal izango dira. Jaialdiaren egunetan ere libre geratzen diren mahaiak erreserbatzeko aukera egongo da.
Hirugarren gunea merkataritza-gunea izango da. Bertan, jaialdian probatutako jokoak erosi eta merkatuan dauden beste proposamen batzuk ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Gauero gazte-programaren saio berezia
Aurtengo edizioko beste berrikuntzetako bat Gauero gazte-programaren parte-hartzea izango da. Larunbat gauean, jolas kooperatiboetan oinarritutako saio berezia egingo dute. Parte-hartzaileek hainbat erronka partekaturi egin beharko diete aurre, lankidetza eta talde-lana ardatz hartuta.
Asteburuan zehar, gainera, pasaporte ludikoa osatzeko aukera izango dute bisitariek, jarduera desberdinetan zigiluak bilduta. Ibilbidea osatzen dutenek mahai-jokoen zozketan parte hartuko dute.
Ekimenaren bidez, Udalak belaunaldien arteko topaketa, elkarbizitza eta herritarren parte-hartzea sustatu nahi ditu, aisialdiaren bidez berdintasuna, sormena eta lankidetza lantzeko.






