Kriskitin Durangoko enbaxadore izango da asteburu honetan Eivissan
MUGA KRISKITIN
Kriskitin dantza taldeko 25 lagunek Eivissan egingo dute asteburu honetan dantza erakustaldia, III Mostra Folklòrica de Tardor jaialdian parte hartzeko. Sa Colla de Portmany taldeak gonbidatuta, Durangoko taldeak euskal folklorea eramango du Sant Antoni herrira, igandean egingo den emanaldira.

Kriskitinek hainbat lurraldetako dantzak bilduko ditu programan: Durangaldeko Dantza Dantza, Gipuzkoako Agurra, Arratiako Jotea, Kortesko Paloteaua, Lapurdiko Kaskarota eta Lanestosako Uztai dantza. Espedizioa 19 dantzarik, lau txistularik, trikitilari batek eta panderojole batek osatuko dute.

Sa Colla de Portmany Sant Antoni herriko dantza taldea da, eta 1970eko hamarkadaren erdialdean sortu zen. Herriko lehenengo colla taldea izan zen, baina urte batzuk geroago desagertu egin zen. 2014an, kide baten ekimenez, berriro ekin zioten jardunari. Ordutik, inguruko dantzak, musika-tresnak, jantziak eta ohiturak bildu, sustatu eta ezagutarazteko lanean ari dira. Besteak beste, duela bi urte La ballada a sa cova herri-jaia berreskuratu zuten, 150 urte inguru ospatu gabe egon ondoren. Ekitaldian, kobazulo batean meza eta herri-dantza egiten dituzte.

Kulturartekotasuna eta hizkuntzen arteko trukea
Kriskitinek abenduaren 7an hartuko ditu Eivissako dantzariak Durangon, bi taldeen arteko kultur trukea osatzeko. Durangoko taldeak azaldu duenez, kulturartekotasunak leku berezia izan du beti bere jardunean: «Gure folklorea kanpoan erakustea eta beste herrialdeetako dantzak eta musikak gurera ekartzea izan dugu helburu. Herrien arteko trukeek aberastu egiten gaituztela uste dugu, eta ildo horretatik antolatu dugu topaketa hau».
Oraingoan, gainera, bi hizkuntzek ere protagonismoa izango dute trukean, haien presentzia eta aldarrikapena agerian uzteko.







