Larunbata,
2026ko Urriak24

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Amorebieta-Etxanok irakurzaletasuna sustatuko du Liburutegien Egunean

MUGA AMOREBIETA-ETXANO

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Liburutegien Eguna ospatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta udal liburutegiak topagune eta ikaskuntzarako gune gisa duen garrantzia nabarmentzeko. Egitarauaren barruan, herritarrek euren irakurketa-gomendioak partekatzeko ekimena eta urriaren 24an liburutegian egingo den haurrentzako ginkana antolatu dira.

 

Proposamenetako batek zornotzarrak euren libururik gustukoenak partekatzera gonbidatzen ditu. Horretarako, herritarren liburu-gomendioak jasoko dituen bideo bat egingo da, eta udal liburutegian panel bat jarriko da, nahi duen orok gomendatu nahi duen liburuaren izenburua idatzi eta bertan itsatsi dezan. Ekimen horren bidez, Udalak herritarrak liburutegira hurbiltzera, euren irakurketa-gustuak partekatzera eta besteen gomendioen bitartez irakurgai berriak ezagutzera animatu nahi ditu.

Liburutegia ezagutzeko ginkana

Egitarauaren barruan, haurrentzako liburu-ginkana ere antolatu da. Jarduera urriaren 24an egingo da udal liburutegian, eta 7 urtetik gorako haurrei zuzenduta egongo da. Parte-hartzaileek liburutegiko hainbat txoko arakatu, ezkutatutako pistak aurkitu eta liburuekin lotutako erronkak gainditu beharko dituzte. Ekimenaren helburua da haurrei irakurzaletasuna modu ludiko eta parte-hartzailean hurbiltzea.

Ginkanak bi txanda izango ditu: lehenengoa 12:00etan eta bigarrena 12:30ean. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Gazte Informazio Bulegoan edo udal plataformaren bidez. Plazak mugatuak izango dira.

Jarduera horien bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak udal liburutegiaren zeregina indartu nahi du, herritar guztiei irekitako gune gisa. Izan ere, liburutegia liburuak maileguan hartzeko tokia baino gehiago da: esperientziak partekatzeko, sormena lantzeko eta kulturara hurbiltzeko aukera eskaintzen duen espazioa da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu