Mallabia osoa inplikatuko da datorren asteko Gaba Baltzaren antolaketan
MUGAMALLABIA
Mallabiak urriaren 26tik 31ra ospatuko du aurten Gaba Baltza, Satxibu Aisialdi Taldea, Zaparrada Elkartea, Gazte Alaia Dantza Taldea, Gazte Asanblada, Guraso Elkartea, Mallabiko Eskola, Jubilatuen Elkartea, Ortu Ekologikoak eta Mallabiko Udala antolatzaile direla. Egitaraua herriko hainbat gunetan garatuko da, eta adin guztietarako kultura-, hezkuntza- eta partaidetza-jarduerak eskainiko ditu, herriko ohiturak bizirik mantentzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin.

Egitaraua urriaren 26an, astelehena, hasiko da, udal liburutegian. Bertan, Amaia Egidazu ipuin-kontalariak Kandela argitan: beldur txikiak eta handiak saioa eskainiko du. 17:00etan, Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko haurrentzako lehen saioa egingo da; 18:00etan, berriz, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik gorako ikasleen txanda izango da.
Urriaren 29an, osteguna, 19:00etan, Bizi ala iraun: suizidioaren bidezko dolua izeneko dokumentala proiektatuko da Kontzejuzarrean, eta, ondoren, mahai-ingurua egingo da Begoña Vesga, Agustin Erkizia eta Eva Bilbaoren parte-hartzearekin. Biziraun elkartearekin elkarlanean antolatutako jardueran, maite den pertsona baten suizidioaren ondorengo dolua landuko da, hausnarketarako eta elkarrizketarako tartea eskainiz.
Urriaren 30ean, ostirala, 17:00etan, ginkana egingo da parke estalian, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik gorako haurrentzat. Jarduera horrek urriaren 31n, larunbatean, ospatuko den Gaba Baltzaren egun nagusiari emango dio paso.
Urriaren 31n, Gaba Baltzaren egun nagusia
Ospakizuna 18:00etan hasiko da, Kontzejuzarrean, kalabazak husteko eta apaintzeko eta aurpegiak margotzeko tailerrekin. Parte-hartzaile bakoitzak bere kalabaza, tresnak eta arropa egokia eraman beharko ditu. Gainera, haur bakoitzak gutxienez heldu batekin joan beharko du. Aldi berean, photocall-a jarriko da plazan edo elizpean, obren egoeraren eta eguraldiaren arabera.
19:00etan, plazan edo elizpean, obren egoeraren eta eguraldiaren arabera, Iluntasuna piztu… ekitaldia! egingo da, Gaba Baltzako ohiko hainbat elementu uztartuz. Ospakizunean kalabazak piztuko dira, koplak abestuko dira, suaren inguruan dantzatuko da eta beldurrak atzean uzteko ekintza sinboliko bat egingo da. Ondoren, herrian zehar kantu-erronda egingo da eta, jarraian, txorizodun opilak eta salda beroa eskainiko dira plazan eta elizpean.
Jardunaldia 20:30ean amaituko da, Eire Markina eta Elorri Katarainen Bataz Nahiko antzezlanarekin, 16 urtetik gorakoentzat. Emanaldia Amezaga jauregiko sarreran hasiko da, eta 1889ko abenduan gertatutako pasarte bat izango du abiapuntu: Gabon Zahar bezperan, Jose Maria Mallabiko, Mallabiko alkate izendatu berria, tiroz hil zuten bere etxean.
Heriotza-agiriaren arabera, su-iskiluz eragindako lesioen ondorioz zendu zen. Hilketaren egilea nor izan zen argitu ez bazen ere, Mallabiko elizbidean dagoen harrizko gurutze batek gertakaria gogorarazten du. Antzezlanak herriko historiaren pasarte hori berreskuratuko du.
Herri osoa inplikatzen duen ospakizuna
Programatutako jarduerez gain, aste osoan zehar eskolako ikasleek egindako erakusketak ikusi ahal izango dira liburutegian, anbulatorioan eta Mallabiko hainbat denda eta tabernatan.
Horrez gain, maiatzean Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak herriko ortu ekologikoetan izan ziren, eta bertan kalabaza landareak landatu zituzten. Aste honetan, ortuetara itzuli dira uzta jasotzera. Elkarlan horri esker jasotako kalabazekin herriko liburutegia, anbulatorioa, tabernak eta dendak apainduko dituzte.
Gaba Baltzaren ospakizuna herriko elkarte, talde eta eragileen elkarlanaren emaitza da, eta guztiek parte hartzen dute jardueren antolaketan. Ekimen honen bidez, herritarren parte-hartzea indartu, belaunaldien arteko ohituren transmisioa sustatu eta Gaba Baltza Mallabiko kultura-egutegiko hitzordu garrantzitsu gisa sendotu nahi da.




