Durangok 11.028 bonu jarriko ditu herritarren eskura bihartik aurrera tokiko merkataritza sustatzeko
MUGA MERKATARITZA
Durangoko Udalak, Dendak Bai elkartearekin elkarlanean, bihar, urriak 21, jarriko du martxan Durango Bono kanpainaren beste edizio bat, herriko saltokietan, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzu negozioetan erosketak sustatzeko helburuarekin. Udazkeneko kanpainan 11.028 bonu jarriko dira herritarren eskura, udaberriko edizioan saldu edo erabili gabe geratu zirenak ere gehitu baitira. Horri esker, herritar gehiagok izango dute ekimenean parte hartzeko aukera, eta tokiko ekonomiari bultzada ematen jarraituko zaio.

Bonuak 09:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri, eta azaroaren 21era bitarte, larunbata, izango da horiek erosteko aukera, egun horretan amaituko baita kanpaina. Adinez nagusia den pertsona bakoitzak gehienez lau bonu erosteko aukera izango du, NAN bakoitzeko. Aurreko edizioetako baldintzei eutsiko zaie: bonu bakoitzak 15 euroko balioa izango du, baina erosleak 10 euro baino ez ditu ordainduko, gainerako bost euroak Udalak jarriko baititu. Hala, lau bonuak eskuratzen dituztenek 60 euroko erosketak egingo dituzte 40 euro ordainduta.
Edizio honetarako, Udalak 55.140 euro bideratuko ditu tokiko kontsumoa zuzenean laguntzera. Eskuragarri dauden bonu guztiak erabiliz gero, 165.420 euro bitarteko erosketak egingo dira herriko establezimenduetan.
Bonuak bonoa.durango.eus plataformaren bidez erosiko dira, eta bertan egongo da ikusgai kanpainarekin bat egin duten establezimenduen zerrenda eguneratua ere. Horrez gain, adinekoei eta Internet bidez erosteko zailtasunak dituztenei parte hartzea errazteko, bonuak aurrez aurre eskuratzeko aukera ere egongo da Durangoko Turismo Bulegoan, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:30era.
Bonu bakoitza gutxienez 15 euroko erosketa bakar batean erabiltzeko izango da. Dena den, ordainagiri berean bi bonu erabiltzeko aukera egongo da, betiere erosketaren zenbatekoa 30 eurokoa edo handiagoa bada. Bonuak kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erabiltzeko epea azaroaren 21ean amaituko da, egun hori barne. Epe horretan erabili ez diren bonuek balioa galduko dute, eta ez dute hurrengo edizioetarako balioko.
Tokiko merkataritzari elkarrekin bultzada emateko ekimena
Urteko bigarren kanpaina honek udaberrian abiatutako ekimenari jarraipena emango dio, eta Durangoko Udalak eta Dendak Baik merkataritza txikiarekiko duten konpromisoa berresten du. Helburua da herriko negozioen lehiakortasuna indartzea eta jarduera ekonomikoa udalerrian mantentzen laguntzea.
Jesica Ruiz Merkataritza zinegotziak nabarmendu du garrantzitsua dela establezimenduei zein herritarrei mesede egiten dieten neurriak sustatzen jarraitzea. “Kanpaina berri honekin tokiko merkataritzari beste bultzada bat eman nahi diogu, eta durangarrak herrian bertan erosketak egitera animatu. Erabiltzen den bonu bakoitza gure establezimenduentzako laguntza zuzena da, eta jarduera ekonomikoari eusten eta gure kaleei bizia ematen laguntzen du. Gainera, aurten 11.000 bonu baino gehiago ditugu, eta horrek aukera ematen digu herritar gehiagorengana iristeko eta hurbileko merkataritzarekiko dugun konpromisoa sendotzeko”, adierazi du.
Bestalde, Alex Palacios Dendak Baiko presidenteak bi erakundeen arteko elkarlana eta horrelako ekimenek sektorea dinamizatzeko duten garrantzia azpimarratu ditu. “Kanpaina hauek tresna garrantzitsuak dira bezeroak erakartzeko, erosketak sustatzeko eta Durangon ditugun saltokien, ostalaritza establezimenduen eta zerbitzuen aniztasuna eta kalitatea gogorarazteko. Dendak Baitik herritarrak aukera hau aprobetxatzera eta tokiko negozioen alde egiten jarraitzera animatzen ditugu, gure herriaren nortasunaren eta bizitasunaren funtsezko parte baitira”, azaldu du.
Edizio berri honekin, Durangoko Udalak eta Dendak Baik herritarrak animatu nahi dituzte eskaintzen diren deskontuak baliatzera eta herriko establezimenduen alde egiten jarraitzera. Izan ere, Durangon erostea tokiko enplegua babestea, merkataritza sarea indartzea eta herriko kaleak bizirik mantentzen laguntzea ere bada.




