MUGA DURANGOKO JAIAK

Durangok San Fausto jaietan murgilduta jarraitzen du, eta joan den larunbatetik asteartera bitartean izandako ospakizunen ondoren, beste hiru jai-egun ditu aurretik. Urriaren 16tik 18ra, ostiraletik igandera, musikak, kulturak, kirolak eta familientzako jarduerek girotuko dituzte berriro herriko kaleak eta plazak, adin guztietako herritarrentzako eskaintzarekin. Azken asteburuan izango dira aurtengo jaietako hitzordurik esperoenetako batzuk, hala nola kontzertuak, Mozorro Eguna eta jaiei amaiera emango dien Patxikotxuren agur hunkigarria.

Xake txapelketa. IBAN GORRITI (MUGA)

Egitarauak urriaren 16an, ostiralean, izango du jarraipena, kirola, sormena eta aisialdia uztartuko dituen arratsaldearekin. Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan Pilota Fest egingo da, eta baloi eseriko txapelketarekin eta Zirkun Zirkoren zirku-tailerrekin batera, txosnetako tortilla-lehiaketak, herri-kantuek eta abesbatzen musikak ere izango dute lekua. Umorea ere ez da faltako, Aroa Berrozperen emanaldiarekin.

Gauean, musikak hartuko du protagonismo berezia, egitarauko kontzerturik nabarmenetako batekin. Leire Martinezek 22:30ean eskainiko du kontzertua Ezkurdin. Horrez gain, bertso-saioa izango da San Agustin Kultur Gunean, drag ikuskizuna txosnetan eta The IIingles eta MJPQ taldeen kontzertuak.

Urriaren 17an, larunbatean, Mozorro Eguna izango da protagonista, San Fausto jaietako egunik esperoenetako batean. Mozorroek eta irudimenak Durangoko kaleak eraldatuko dituzte beste behin. Egun berean, txosnetako Etxera Eguna ere ospatuko da, aurten «Durangaldeko flora eta fauna» gaitzat hartuta. Eskualdeko natura-ingurunean inspiratutako mozorro originalez betetzeko gonbita izango da, beraz.

Dianek eta kalejirek emango diote hasiera familian zein lagunartean gozatzeko aukera ugari eskainiko dituen egunari. Xake-txapelketa, haurrentzako parkeak eta tailerrak, Patata Tortillen XVII. Lehiaketa, Luhartz taldearen musika, karropoteoa eta txosnetako elkartasun-bazkaria izango dira, besteak beste.

Eguneko unerik esanguratsuenetako bat 18:30ean izango da, mozorroen desfilearekin. Madalenatik abiatuko da, eta kaleetan barrena Santa Mariako elizpearteraino iritsiko da. Bertan, sariak zozkatuko dituzte. Kaleko antzerkiak ere izango du tartea arratsaldean, emanaldi berezi batekin: Santi Ugalde eta Trapu Zaharra konpainia agertokietatik agurtuko dira.

Iluntzean, jai-giroak Luhartz taldearen erromeriarekin eta txosnetako kontzertuekin jarraituko du. Alarma Morea, Sedientos de Cumbia eta Xaukena Xauk taldeak arituko dira bertan. Alaska On Tour orkestrak, berriz, 23:00etan eskainiko du emanaldia Ezkurdin, jaietako azken gau handia musikaz girotzeko.

Patxikotxuren agurrak emango die amaiera San Fausto 2026 jaiei

Urriaren 18an, igandean, jaietako azken egun ofiziala izango da Durangon, eta goizetik Patxikotxuren agurrera arte izango dira jarduerak. Kirolak eta familientzako proposamenek izango dute protagonismoa, San Faustoko padel-txapelketako finalekin, haurrentzako parke eta jolasekin, poni eta zaldien gaineko ibilaldiekin eta arku-tiroarekin. Ezkurdin, gainera, herri-kirolen erakustaldia egingo da, euskal kirol tradizionaleko hainbat modalitate herritarrei hurbiltzeko.

Arratsaldean, dantzak, zirkuak eta musikak hartuko dute lekukoa. L’Atelier Dantza Eskolaren emanaldia, Edu Manazasen zirku-ikuskizuna, Rumbo a Tijuana mariatxiak eta Dunbots fanfarrea izango dira jaietako azken orduak girotzen.

Eguneko unerik bereziena 19:30ean iritsiko da, Patxikotxuren agur-ibilbidearekin. Udaletxeko plazatik abiatuko da, eta trenaren antzinako kotxetegietaraino joango da. Urtero bezala, ekitaldi sinboliko horrek herritar ugari bilduko ditu San Fausto jaietako pertsonaiarik maitatuenetako eta adierazgarrienetako bati agur esateko.

20:00etan, su artifizialen ikuskizuna izango da trenaren antzinako kotxetegietan, Patxikotxuren agurrari eta aurtengo jaiei amaiera emateko. Su artifizialek Durangoko zerua argituko dute, ospakizunen azken uneak girotuz.

Txistu kontzertua Landako Gunean. IBAN GORRITI (MUGA)

Jaiak igandean amaituko diren arren, azken musika-hitzordu bat izango da oraindik. Urriaren 24an, larunbatean, 20:00etan, Durango Txistu Kontzertua 2026 izango da Landako Gunean, eta emanaldi horrekin itxiko da aurtengo egitaraua.

Durangoko Udalak herritarrak eta udalerrira hurbiltzen diren pertsona guztiak animatu nahi ditu azken jai-egun hauetaz gozatzera, jardueretan parte hartzera eta jaiak errespetuan, berdintasunean eta elkarbizitzan oinarritutako giroan ospatzera.

San Fausto 2026 jaietako egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.