Gaur hasiko dira Amorebieta-Etxanon Doluari buruzko jardunaldiak
Amorebieta-Etxanok gaur emango die hasiera Doluari buruzko Jardunaldiei. Urrian zehar, doluari buruz hitz egiteko, esperientziak partekatzeko eta ikuspegi desberdinetatik hausnartzeko hainbat gune eskainiko ditu programazioak. Jardunaldiek hainbat proposamen bilduko dituzte Zelaietan eta Liburutegian, errealitate hori herritarrengana kulturaren, elkarrizketaren eta esperientzien trukearen bidez hurbiltzeko.

Anakotz Lasarte. BIDEGIN
Programazioa gaur, urriaren 5ean, hasiko da, Esku Hutsik elkartearen “Isiltasunak hitz egiten duenean” erakusketarekin. Esku Hutsik Euskadiko eta Nafarroako haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaioberrien heriotzaren ondoriozko doluan espezializatutako elkartea da. Erakusketa urriaren 8ra arte egongo da ikusgai Zelaietako bigarren solairuan. Elkarteak dolu mota hori bizi duten familiei laguntzen die, eta baliabideak, informazioa eta babesa eskaintzen dizkie bai familiei, bai haien ingurukoei eta baita profesionalei ere.
Urri osoan zehar garatuko den programazioa
Jardunaldiek urriaren 7an izango dute jarraipena, 18:30ean, Zelaietako auditoriumean “Aitatxo” dokumentalaren emanaldiarekin. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da Anakotz Lasarte egile eta zuzendariarekin. Dokumentala euskaraz emango da, gaztelaniazko azpitituluekin.
Urriaren 8an, 18:30ean baita ere, Liburutegiak dolu kulturalaren inguruko esperientziak partekatzeko topaketa hartuko du, Ellacuría Fundazioaren eskutik.
Programazioak urriaren 15ean jarraituko du, “Nola bizi dolua / Cómo vivir el duelo” mahai-inguruarekin. Bertan Txabi Arnalek, Naroa Martínezek, Nere Erkiagak eta Esku Hutsik elkarteak parte hartuko dute.
Azkenik, urriaren 17an, 12:00etan, Zelaietako kontzertu-aretoak Manex Beristainen “Azken galdera amari” musika-ikuskizuna hartuko du, 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta.
BERBALAPIKO
Horrez gain, urrian zehar, Berbalapikok ere dolua izango du hizpide. Jardunaldi hauen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak doluaren inguruko entzute-, laguntza- eta sentsibilizazio-guneak sustatzen jarraitzeko konpromisoa berresten du, galerak bizitzeko modu desberdinekiko hurbilagoa eta kontzienteagoa den komunitatea eraikitzen laguntzeko.





