Igandea,
2026ko Urriak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

2.500 euro irabazi nahi dituzu Durangaldeko bost udalerrietan egun bakarrean gastatzeko?

MUGA MERKATARITZA

Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Iurretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteek berriro egin dute bat «Ongi Etorri» kanpainarekin. Hirugarren edizioa irailaren 23tik urriaren 8ra bitartean egingo da, tokiko establezimenduetara herritarrak hurbiltzea eta eskualdeko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen aniztasuna ezagutaraztea helburu.

Kanpainaren aurkezpena Berrizen egin dute, parte hartzen duten herrietako elkarteetako zein udaletako eta Durangaldeko Mankomunitateko ordezkariekin batera.

«Ongi Etorri» leloak mezu zuzena du oinarri: herrietako establezimenduetara sartzera gonbidatzea, negozio bakoitzaren atzean dauden pertsonak ezagutzea eta Durangaldean eskaintzen diren produktu eta zerbitzuen aniztasunari balioa ematea.

Aurreko bi edizioetan erabilitako leloari eta irudi grafikoari eutsiko diote aurten ere. Antolatzaileen arabera, irudiari jarraipena emateak kanpainaren nortasuna sendotu eta herritarrek ekimena erraz identifikatzea ahalbidetu du.

2.500 euroko saria

Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek ekimenaren irudia duen banderatxoa izango dute erakusleihoetan, herritarrek saltoki eta negozio parte-hartzaileak identifikatu ahal izateko.

Gainera, kanpainaren barruan egindako erosketek 2.500 euroko saria irabazteko aukera emango dute. Zozketaren irabazleak 24 ordu izango ditu saria gastatzeko, eta Durangaldeko bost herrietan 500 euro gastatu beharko ditu bakoitzean.

Zozketan parte hartzeko, parte hartzen duten establezimenduetan erosi eta erosketa-tiketa kutxetan sartu beharko da, izen-abizenak eta telefono-zenbakia atzealdean jarrita. Bestela, establezimenduetako karteletan dagoen QR kodea eskaneatu eta datuak bete ahal izango dira.

Aurreko edizioetako irabazleak

Aurreko bi edizioek herritarren eta tokiko establezimenduen artean kanpainak izan duen harrera erakutsi dute. Lehen edizioko irabazlea María Asunción Eguren izan zen, Iurretako Alimentación Rakel establezimenduan egindako erosketa bati esker. Bigarren edizioan, berriz, Beltzane Berrizbeitiak eskuratu zuen 2.500 euroko saria, Durangoko Etartie Ekoizleen Denda-n egindako erosketaren ondoren.

Bi kasuetan, sariak Durangaldeko bost herrietako tokiko establezimenduetan gastatu behar izan zituzten.

Kanpainaren hedapenerako bideo bat ere prestatu dute, sare sozialen bidez ekimena zabaltzeko eta publiko zabalagoarengana iristeko.

«Ongi Etorri» Durangaldeko Elkarteen Foroan egindako elkarlanaren emaitza da. Foroak eskualdeko elkarteetako ordezkariak biltzen ditu, esperientziak partekatu, sektorearen beharrak identifikatu eta tokiko merkataritzaren aldeko ekimen bateratuak sustatzeko.

Kanpainak parte hartzen duten herrietako udalen babesa du, baita Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza ere.

Kanpainaren oinarriak labur.eus/ongi-etorri-zozketa helbidean kontsulta daitezke. Informazio gehiago jasotzeko, 94 681 81 42 edo 688 738 102 telefonoetara deitu edo info@dendakbai.eus helbidera idatzi daiteke.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu