Larunbata,
2026ko Azaroak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Bikandi, Egidazu eta Etxegibel, Elorrioko liburutegiaren udazkeneko literatura-eskaintzaren gidari

Udazkenaren kantoian, udal-liburutegiak berriro zabalduko ditu literaturzaleentzako jarduerak haur zein gaztetxoentzako. Adin-tarte ezberdinei egokitutako hiru egitasmo nagusik osatuko dute literatura-eskaintza: 0 eta 2 urte arteko haurtxoentzako “Azalerako ipuinak”, 3 eta 8 urte bitartekoentzako “Berba Kabi” txokoa eta gaztetxoei zuzendutako “Berbaparranda” irakurzale-kluba.

Saroa Bikandi.

Saroa Bikandik dinamizatzen duen “Azalerako ipuinak” ekimenak hiru hitzordu izango ditu udazkenean zehar eta 2027ko udaberrian jarraituko du. Ukimenaren bitartez, masaiak eskaintzen duen hitz gabeko komunikazioaz baliatuz haurtxoa literaturan murgiltzeko ahozko tradiziotik eta haur literaturatik jasotako kantu, olerki, hitz-joko eta ipuin laburrak berreskuratzen ditu Bikandik. 36 hilabete arteko haur eta haren senitarteko bati zuzendua dago. 40 minutuko saioak izango dira eta bi talde osatuko dira: 0-18 hilabete arteko umeena 16:30tan eta 19-36 hilabete artekoena 17:15tan.

Izen ematea beharrezkoa da eta gaurtik hasi eta irailaren 25era arte egin ahal izango da. Plazak mugatuak dira, lekuak baino izen emate gehiago baldin badago, zozketa egingo da.

3 urtetik 8 urtera bitarteko haurrek ere izango dute beraien txokoa Amaia Egidazu kontalari, idazle eta ilustratzailearen “Berba Kabi” familientzako literaturzale-klubean. Urrian hasi eta maiatzera bitartean, hilean astearte batean elkartuko dira haurrak heldu batek lagunduta, aho-korapilo kantu eta kontu ugaritan aritzeko. Saio bakoitzean Amaiak gomendatutako liburuak ezagutu eta etxera eraman ahal izango dituzte gainera. Izen ematea irailaren 23an hasiko da urriaren 2ra arte. Denontzako lekurik ez badago, zozketa egingo da.

Azkenik, “Berbaparranda” klubean, LH3 eta LH6 artean ikasten duten gaztetxoek, liburuak irakurtzeaz gain, iritziak trukatzeko, gogoetak partekatzeko eta literaturaren inguruan elkarrekin ondo pasatzeko espazio dinamikoa izango dute. Hilean behin, Oihana Etxegibelek gomendatutako liburu bat irakurriko dute eta hari buruzko gogoetak partekatuko dituzte saioetan. Izen-ematea liburutegian bertan egin daiteke eta bertan jasoko da lehen saiorako liburua. Hurrenkera errespetatuko da eta leku gabe geratu den hori itxaron zerrendan jarriko da.

Udalak herriko familia zein gazteei dei egiten die saio hauetan parte hartu eta liburutegiak eskaintzen dituen altxorrez goza dezaten. Izen-ematea zabalik dago eta informazio gehiago jasotzeko udal-liburutegira jo daiteke.

2026-2027 Ikasturteko Egitaraua:

AZALERAKO IPUINAK( haurtxo eta familientzako tailerra):

  • 2026: irailak 30; urriak 28; azaroak 25.
  • 2007: otsailak 24; apirilak 28 eta maiatzak 26.

BERBA KABI (literatur txokoa familian):

  • 2026: urriak 14; azaroak 11; abenduak 9.
  • 2027: urtarrilak 13; otsailak 10; martxoak 3; apirilak 14; maiatzak 12.

BERBAPARRANDA (gaztetxoentzako irakurle kluba):

  • 2026: urriak 14; azaroak 11; abenduak 9.
  • 2027: urtarrilak 13; otsailak 10; martxoak 3; apirilak 14; maiatzak 12.

Kartela – Azalerako Ipuinak (PDF 222KB)

Kartela – Berba Kabi (PDF 205KB)​

Kartela​ – Berbaparranda (PDF 221KB)

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu