Asteazkena,
2026ko Irailak23

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

EHE: “’Euskara hizkuntza antifaxista’ lelopean, abenduaren 5ean Durangoko kaleak hartuko ditugu»

TESTUA · EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Orain bi urte hizkuntza larrialdi alarma jo genuen; ez inondik hil kanpai moduan, alderantziz, iratzartzeko dei gisa. Hala, pizkundearen aldarriari eutsiz, behin eta berriz adierazi dugu larritasunaren kontzientzia hartzeko eta ekintzara pasatzeko unea dela. Euskarak ezinbesteko baititu euskaltzale kontzientziatuak eta, batez ere, antolatuak, euskararen borroka lehen lerrora ekarri eta indartuko dutenak. Ari gara, baina egoerak erritmoa bizkortzea eskatzen du, berehalakoan eta nahitaez.

Bide horretan, abenduaren 5erako deitu dugun manifestazio nazionalean, beste behin, euskararen alde beteko ditugu Durangoko kaleak, oraingoan, euskara hizkuntza antifaxista gisa aldarrikatuz. Izan ere, hurbilago eta harroago sumatzen ditugu eskuin muturra nahiz faxismoa —bai instituzioetan, baita kalean ere—, eta ohiko aurkako indarrak gero eta bortitzago ari dira bilakatzen.

Autoritarismoan, militarismoan, errepresioan nahiz kolektibo gutxiagotuen zapalkuntzan sakontzea dute horiek helburu, herritarron eskubide sozialak urratuz eta murriztuz. Hala, fobia oro elikatzen dihardute, eta euskara ere jopuntuan dago. Gero eta ugariagoak dira euskaldunon aurkako erasoak, sententzia judizialak, epaiketak edota diskurtso euskarafoboak.

Horregatik, munduan barna eskuina hedatzen ari den garaiotan, inoiz baino garrantzitsuago deritzogu olatu erreakzionarioaren aurka eta justizia sozialaren alde kaleak hartzea eta herri mugimenduko eragileon arteko aliantzak sendotzea, nola ez, euskaraz.

Euskaraz diogu, Euskal Herri antifaxista euskaraz izango delako edo ez delako izango. Izan ere, ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk ulertzen, ezta nahi ere; euskarak egiten gaitu herri eta herririk ezean, ez dago herri antifaxistarik ere. Euskal Herritik faxismoari aurre egingo badiogu euskaraz egingo diogu.

Era berean, badakigu euskara edo euskalduntasuna ez dela, bere horretan, eskuin muturreko ideien edo diskurtsoen antidotoa. Antigorputz sendoak ditugu, baina ez gaude salbu. Horregatik, gure aldarria argia da: euskara faxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila, euskara hizkuntza antifaxista!

Eskuin muturraren indartzeak egoera larritu badu ere, euskaldunon zapalkuntza ez da ezer berria, eta badakigu frantziar nahiz espainiar estatu kolonial eta inperialisten menpeko, euskararen bazterketa betikotuta dagoela. Horregatik diogu independentzia behar dugula, behingoz, bi estatu arrotz horiengandik askatu eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.

Aldarri horiek ozen aterako ditugu kalera abenduaren 5ean, larunbatarekin, 13:30ean, Durangoko Landako Gunetik hasita.

Faxismoaren aurrean, guk Euskararen Errepublika!

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu