Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian
MUGA BERTSOLARITZA
Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga dira aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten Durangaldeko hiru ordezkariak. Hirurek lehen fasean kantatuko dute, irailetik azarora Euskal Herriko hainbat plazatan egingo den txapelketan.

Txaber, Aitor eta Gorka. EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI ELKARTEA
2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irailaren 19an hasi zen Hazparnen eta abenduaren 20an amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Guztira 50 bertsolarik eman dute izena, eta 15 saio egingo dira lehen fasean, ondoren finalaurrekoak eta finala jokatzeko.
TXABER
Durangaldeko lehen ordezkaria Txaber Altube abadiñarra izango da. Irailaren 26an kantatuko du Altsasuko Burunda pilotalekuan, Eneko Araiztegi ‘Korta’, Oier Etxeberria, Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’, Eñaut Martikorena eta Imanol Uriarekin batera. Saioa 17:00etan hasiko da.
1998an Abadiñon jaiotako Altubek hainbat eskolarteko txapelketatan parte hartu du eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa bitan irabazi du. 2016tik Bizkaiko Bertsolari Txapelketan urtero aritu da, eta 2025eko txapelketan finalista izan zen.
AITOR
Aitor Bizkarra abadiñarrak, berriz, irailaren 27an izango du lehen hitzordua, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Aroa Arrizubieta, Eneritz Artetxe, Maddalen Arzallus, Ane Labaka eta Aner Peritz izango ditu alboan. Saioa 17:00etan hasiko da.
Bizkarra 1996an jaio zen Abadiñon eta hamar bat urterekin hasi zen bertsotan Zelaietako Herri Eskolan eta, ondoren, Abadiñoko Gogaikarri bertso-eskolan. 2014tik Bizkaiko Bertsolari Txapelketetan parte hartu du, eta 2018an, 2021ean eta 2025ean finalista izan da. 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere kantatu zuen.
GORKA
Hirugarren durangaldearra Gorka Pagonabarraga durangarra izango da. Urriaren 11n kantatuko du Agurainen, Lezao kiroldegian, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo, Irantzu Idoate, Aissa Intxausti eta Agin Labururekin batera. Saioa 17:00etan hasiko da.
2000. urtean Durangon jaiotako Pagonabarraga 14 urterekin hasi zen Durangoko Bertso Eskolan. 2018an Bizkaiko eta Euskal Herriko bat-bateko eskolarteko txapeldun izan zen. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 2018an parte hartu zuen lehen aldiz, eta 2021ean, 2023an eta 2025ean finalista izan da. 2022ko Txapelketa Nagusian ere aritu zen.






