Garaiko eta Udabarri dantza taldeak eta Antton Mari Aldekoa-Otalora omenduko dituzte Bilbon
MUGA DANTZA
· Durangaldeko hiru ordezkariek euskal dantza tradizionalaren eta folklorearen alorrean egindako lana aitortuko dute irailaren 24an Euskalduna Jauregian
Euskal dantza tradizionalaren eta folklorearen alorrean egindako lana aitortzeko ekitaldia egingo dute irailaren 24an Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, Garaiko eta Udabarri Euskal Dantzari Taldeak eta Iurretako Antton Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa omenduko dituzte, bakoitzak bere ibilbidean egindako ekarpenagatik.

Udabarri Euskal Dantzari Taldea Amorebieta-Etxanon.
Ekitaldia Euskalduna Jauregiko 0B aretoan izango da, 19:00etan, eta ateak 18:30ean irekiko dituzte. Hasieran photocalla egingo dute, eta ekitaldiaren amaieran koktela izango da. Aurreko edizioetako «Esker Onak» aipamen berezia ere egingo dute, filmazioen bidez.
Garaiko Dantza Taldeak «Durangaldeko dantza tradizionalak lantzen eta zaintzen egindako ibilbideagatik» jasoko du aitortza. Garaitik datorren taldeak eskualdeko dantza tradizionalaren transmisioan eta zaintzan egindako lana nabarmenduko dute.
Udabarri dantza taldeak, Amorebieta-Etxanokoak, berriz, 60. urteurrena dela eta jasoko du aitortza, «Euskal Herriko dantza tradizionalak 60 urte lantzen eta zaintzen egindako ibilbideagatik».
Hirugarren ordezkaria Antton Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa iurretarra izango da. Haren kasuan, «bere dedikazio eta konpromiso erabatekoa euskal dantza tradizionalarekin eta folklorearekin» aitortuko dute.
Durangaldeko hiru ordezkari horiez gain, euskal dantzaren eta folklorearen alorreko beste hainbat talde eta eragile ere omenduko dituzte. 60. urteurrena betetzen duten Danetarako Danok, Durundi Barri, Erreka Ortu, Gorantzaileak, Ibarrakaldu eta Zerutxu dantza taldeek ere jasoko dute aitortza, Euskal Herriko dantza tradizionala sei hamarkadaz lantzen eta zaintzen egindako ibilbideagatik.
Gaztedi dantza taldeak, bestalde, 75. urteurrena dela eta jasoko du aipamena.
Musikaren alorrean, Roberto Etxebarria omenduko dute, «musika tradizionalaren arloan egindako lanagatik». Era berean, Juan Sainz eta Muga Taldea ere aitortuko dituzte, Jota de Tudela edo Viva La Pepa lanagatik.
Zerrenda osatuko dute Calzados Bizkarguenagak, euskal dantza tradizionalerako jantziekin egindako lanagatik, eta Danbolin Txistu Elkarteak, egindako lanagatik.
Horrela, irailaren 24ko ekitaldiak euskal dantzaren eta folklorearen transmisioan eta zaintzan urteetan jardun duten talde, musikari eta eragileen lana bilduko du, Durangaldeko hiru ordezkari nabarmenekin: Garaiko Dantza Taldea, Amorebieta-Etxanoko Udabarri eta Iurretako Antton Mari Aldekoa-Otalora.





