Irailaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira Azokako sormen bekarako proposamenak
Irailaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak abian jarritako Sormen Bekarako proposamenak. Aurtengo deialdia musika proiektu bati zuzenduta dago, eta sortzaile berriek banaka zein taldeka parte hartu ahal izango dute. Proposamenak gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera bidali beharko dira.

ARGAZKIA · IBAN GORRITI
Bekak euskarazko kultur sorkuntza sustatzea eta sortzaile berrien lana ezagutzera ematea du helburu. Deialdia 18 urtetik gorako sortzaile berriei zuzenduta dago. Oinarrietan zehazten denez, sortzaile berritzat hartzen dira ibilbide luzekoak ez diren sortzaileak; besteak beste, bakarka zein taldeka, gehienez bi lan kaleratu dituztenak, bost kolaboraziotik gora egin ez dituztenak edo diskoetxe batekin kontraturik sinatu ez dutenak.
Hautatutako sortzaileak edo taldeak 15.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko, eta sormen lanaren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko du.
Deialdiaren oinarrien arabera, aurkeztutako proiektuak jatorrizko sormen-lanak izan beharko dira, eta ez dira adimen artifi zialarekin sortutako lanak onartuko. Hitzak dituzten sormen-lanen kasuan, gainera, euskarazkoak izan beharko dute.
Deialdiaren oinarriak eta informazio guztia durangokoazoka.eus webgunean daude eskuragarri.







