Saroa Bikandik emakumeentzako ‘Basoan barrena’ natura-ibilaldia antolatu du
MUGA NATURA
Saroa Bikandik antolatutako «Basoan Barrena» ekimena uztailaren 3tik 5era bitartean egingo da Bizkaiko lurretan. Emakumeei* zuzendutako natura-esperientzia honek naturarekin eta norbere buruarekin lotura sakontzeko aukera eskainiko du, isiltasuna, presentzia eta oinezko ibilaldia ardatz hartuta.

Parte-hartzaileek bi egun emango dituzte naturan zehar astiro eta isilik ibiliz, beharrezko guztia motxilan eramanda. Esperientziaren baitan, erosotasun-eremutik irten, lo egiteko lekuak bilatu, gauero sua egin eta lurraren erritmoarekin berriz konektatzeko aukera izango dute.
Ibilaldian zehar hainbat praktika egingo dira: meditazioa, oinutsik ibiltzea, landareekin harremana lantzea, eguzkiaren energia jasotzea, ur bizitan bustitzea eta izarren azpian lo egitea, besteak beste.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimenaren helburua naturaren bidez ongizatea sustatzea eta eguneroko bizitzako erritmo azkarretik aldentzeko espazio bat eskaintzea da.
Parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek Saroa Bikandirekin jar daitezke harremanetan 636 314 757 telefono zenbakiaren bidez. Taldea osatutakoan, aurretiazko bilera bat egingo da esperientziaren xehetasunak partekatzeko.







