‘BERRIRO’ aurkeztu du Durangon, Euskadiko tokiko merkataritzaren lehiakortasuna bultzatuko duen sareko fidelizazio-sistema
MUGA MERKATARITZA
• Merkatariek beraiek diseinatutako plataformari esker, negozio txikiek tresna teknologiko aurreratuak eskuratu ditzakete, hala nola zorro digitalak eta sustapen pertsonalizatuak
• Bakarkako sistemekiko aldea da BERRIROk Euskadi osorako konektatutako sare bat sortzen duela, auzo eta herrietako erosketen errepikakortasuna sustatzeko
• BERRIROren esperientzia hiruhileko honetan abiatuko da bi eskualdetan: Arratia-Nerbioi eta Durangaldean
• Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bultzada estrategikoa du. Gainera, abian jartzeko fase honetan, Sailak 5 € emango ditu lehen erosketan (20 €-tik gorako erosketetarako), eskualde bakoitzeko gehienez 8.000 €-ko mugara iritsi arte
• Era berean, Durangoko Udalak 10.000 euroko ekarpena egingo du lehen erosketaren sustapenerako
Bizkaidendak-ek, Euskaldendak-ekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bultzada estrategikoarekin, Berriro plataforma aurkeztu du ofizialki Durangoko Kurutzesantun. Fidelizaziorako ekosistema digital aitzindaria da Euskadin eta baita mundu mailan ere, gertuko merkataritzaren eta zerbitzu pertsonalen lehiakortasuna indartzeko berariaz diseinatua, plataforma handien eta merkataritza-gune handien aurrean.

Merkatuko beste tresna batzuk ez bezala, Berriro sektorearen eskaera baten ondorioz sortu da eta merkatariek beraiek garatu dute, tokiko merkataritzaren errealitate ugariak integratuz. Plataformari esker, tokiko establezimenduek zorro digitalak, puntu-sistemak eta sari pertsonalizatuak eskain diezazkiekete bezeroei. Tresna hori «tresna bizia» da, eta etengabe eboluzionatuko du, eguneroko beharretara egokitzeko.
Berriro: Sare bakarraren indarra
Bizkaidendak-eko presidenteak, José Andrés Cebrecos Gokoetxeak, bere agerraldian azpimarratu duenez, Berriroren lehiakortasun-abantaila handia konektatutako sare bat sortzea da. «Kontua ez da denda bakoitzak bere kabuz eta bere tresnarekin borrokatzea, baizik eta Euskadi osoan ekosistema sendo bat sortzea, bezeroak tokiko kontsumo-komunitate baten parte senti daitezen», adierazi du.
Bestalde, udal ordezkariek teknologia honek eskualdearen biziberritzean izango duen eragina nabarmendu dute, eta aurtengo edizio honetan Durango izan da udal anfitrioia. Hala adierazi dute Mireia Elkoroiribek eta Jesica Ruizek, Durangoko Udaleko alkateak eta Merkataritza zinegotziak, zeinek, Alex Palacios Dendak Baiko presidentearekin batera, bezeroen, elkarteen eta inguruko merkatarien parte-hartzea sustatu duten.
Berriro hedatzea posible izango da Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren konpromisoari eta finantzaketari esker, sektoreari digitalizazio erreal eta eraginkorrerako azpiegitura komunak ematearen aldeko apustua egin baitu. Alde horretatik, saileko arduradunek lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu dute, hiri-inguruneak bizirik mantentzeko. Ekitaldian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuorde Jakes Aguirrezabal Iribarren ustez, «proiektu hau gure tokiko merkataritzari laguntzeko beste tresna bat da, bezeroen fideltasuna areagotzeko balioko duelako eta Euskadin merkataritza txikia leialtzeko sare bat eraikitzeko lehen urratsa delako. Sare hori pixkanaka hedatuko dugu lurralde osoan zehar, euskal lurraldeak eta udalerriak lotuko dituen, tokiko kontsumoa dinamizatuko duen eta lurraldeko merkataritza-inteligentzia sortuko duen ekosistema partekatu bat errealitate izan dadin lortzeko».
Berriro Euskadin jarduten duten txikizkako saltokiei, gertuko negozioei eta profesionalei zuzendutako proiektua da. Plataformak ez du ohiko salmenta-prozesua ordezkatzen, baizik eta osatu egiten du, saltegiaren eta bezeroen arteko harremana hobetzen duten fidelizazio-pizgarriekin. Gaur egun, interesatuta dauden saltokiek www.berriro.eus webgune ofizialaren bidez eman dezakete izena. Esteka horretan bertan, merkatariek zein bezeroek Berriro hobeto ezagutzeko aukera dute.







