Palestinako errefuxiatuak Durangora ekartzeko jaialdi solidarioa egingo dute gaztetxean
MUGA PALESTINA
Musikak, kulturak eta elkartasunak bat egingo dute ekainaren 6an Durangoko Gaztetxean egingo den jaialdi berezian. Durangoko Astoturfer eta Fosil taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Palestinako haur errefuxiatuei babesa emateko antolatutako ekimen solidarioan. Kontzertuez gain, DJ Kalt, DJ Dunkelheit eta DJ Ainhoa izango dira jaialdiko giroa osatzen, kultura herrikoiaren eta nazioarteko elkartasunaren arteko lotura indartuz.

Jaialdia Durango-Palestina ekimenak antolatu du, Balatako (Nablus, Zisjordania iparraldea) errefuxiatuen kanpalekutik etorriko diren zortzi haur palestinarren udako egonaldia babesteko. Israelen okupazioaren ondorioz 1948an milaka palestinarrek ihes egin behar izan zuten Nakba edo “hondamendia” izenez ezagutzen den exodoan, eta horietako askok Balatako kanpalekuan aurkitu zuten babeslekua. Gaur egun, UNRWAren arabera, 23.000 biztanle baino gehiago daude bertan erregistratuta.
Haur horiek Childhood and Tolerance Center erakunde komunitarioaren bidez etorriko dira Durangaldera, hainbat begiralerekin batera. Erakundeak haurrekin, emakumeekin eta familiekin egiten du lan, hezkuntza, laguntza psikologikoa, kultura, artea, kirola, giza eskubideak eta ikaskuntza digitala sustatuz. Egitasmoaren helburua da haurren duintasuna babestea, indarkeria eta krisi egoeren ondorio sozial eta emozionalak arintzea eta etorkizunerako aukera duinak eskaintzea.
Durango-Palestina ekimenaren arabera, Balatako haur errefuxiatuak Durangaldera ekartzeak aukera emango du erakunde horren lana indartzeko eta, aldi berean, herritarren eta haur palestinarren arteko harremanak estutzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, erakundeari laguntzea “haurrek irribarrez jarrai dezaten laguntzea da, ikasten eta amets egiten, baita zoritxarraren eta indarkeria sistemikoaren erdian ere”.
ELKARTASUN JAIALDIA
Ekainaren 6ko egitaraua Ezkurdin hasiko da. 12:00etatik aurrera erakusketa izango da ikusgai, 12:30ean ipuin-kontalaria eta 13:30ean dantza erakustaldia. Arratsaldean, berriz, Gaztetxeak hartuko du protagonismoa 18:00etatik aurrera egingo den elkartasun jaialdiarekin.
Udako egonaldian zehar beste hainbat ekitaldi ireki ere antolatuko dituzte, herritarrek haur palestinarrei harrera beroa egiteko eta elkartasuna adierazteko. Horrez gain, Childhood and Tolerance Center erakundeari laguntzeko bono-laguntzak eta hainbat material solidario —kamisetak, zapiak eta poltsak, besteak beste— eskuratu ahal izango dira.
Jaialdirako sarrerak Herria, Intxaurre, Mesoi Berria, Miñe eta Palentino tabernetan daude salgai. Musika, kultura eta elkartasuna uztartuko dituen hitzordu honek Durangoko sortzaileak eta herritarrak bilduko ditu Palestinako haur errefuxiatuei babesa adierazteko.







