Iurretako XXIII. Literatur lehiaketako irabazleak
Urtero bezela, Iurretako Udalak eta bereziki Herri Bibliotekak haur, gazte eta helduen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatu nahi izan ditu ekimen honekin. Horretarako ezinbestekoa dugu herriko eskolen laguntza: Maiztegi Herri Eskola eta Juan Orobiogoitia Institutua, izan ere egitasmo honek dituen helburuak lortzeko beraiekin elkarlanean aritzea oso garrantzitsua baita.

Talde argazkia.
Aurtengo XXIII. edizioan lan ugari egon dira, guztira 239 hain juxtu. Haurren sailetan 117 lan aurkeztu dira, gazteen sailetan 109 eta helduetan berriz 13.
Lehiaketa honen helburuen artean integrazioa eta kulturaniztasuna ere baditugu. Hori dela eta jatorriz bertakoak ez diren hainbat ikaslek hartu dute parte, arlo askotan egiten ari diren ahaleginen ondorioa dela uste dugu.
Edizio honetan ere, Iraia Okina ilustratzailearekin elkarlanean egindako lana nabarmendu beharra dago, izan ere sortutako material guztia (oinarriak, liburuxka eta kartelak) berak egindako irudiez osotu baititugu.
HITZAURREA
Ainhoa Etxano Sarrionandia iurretar gazteak aurtengo liburuxkako hitzaurrea egin du eta sari banaketan ere gurekin batera egon da. Udalak, 2.860€ banatu ditu sarituen artean. Txikienentzat liburu sortak banatu dira, gazte eta helduen artean liburu bonoak izan dira sariak. Haur eta gaztetxoen kategorietan partehartzaile guztieei Iurretako Udalak esker oneko opari bat banatu die, beraien ahalegina saritzeko asmoarekin.
23 urte hauen saritutako lanak 23 liburuxkatan argitaratu dira, sormena eta literatura herritar guztion esku jarriaz. Libururuxka honen aleak Herri Bibliotekan eskuratu daitezke dohanik. Aurrerantzean ere, Iurretako Herri Bibliotekak irakurzaletasuna eta sormena uztartzen dituen proiektu desberdinetan jarraituko du lanean.






