Euskal Azoka izango da Mañariako Maiatza Kulturalari amaiera emango dion hitzordu nagusia
Maiatza Kulturalaren azken egunak ekitaldiz gainezka iritsiko dira herrira, kulturaz, musikaz eta euskal tradizioz beteriko egitarauarekin. Asteburu honetan izango dira aurtengo edizioari amaiera emango dioten hitzordu nagusiak.

Gaur, maiatzak 21, Oreka TX taldeak kontzertua eskainiko du Angurretan, 19:00etan. Emanaldia joan zen asteburuan egitekoa zen, baina eguraldi txarraren ondorioz atzeratu behar izan zuten. Kontzertua doakoa izango da, eta antolatzaileek herrigunetik Angurretara oinez joateko gonbita egin dute.
Barikuan, maiatzak 23, GAR musika proiektuaren emanaldia izango da Errekondoko terrazan, 20:00etan hasita.
Egun bereko protagonista nagusia, hala ere, Andra Mari dantza taldea izango da. Taldeak bere 40. urteurrena ospatuko du zapatuan, maiatzaren 24an, eta ospakizun berezia prestatu dute horretarako. Sorreratik gaur egunera arte taldean ibili diren edo dabiltzan 75 bat dantzari elkartuko dira egun osoan zehar egingo diren ekitaldietan.
Eguerdian kalejira egingo dute Jaizale txistulari taldearekin batera, eta ondoren dantza emanaldia eskainiko dute frontoian. Ospakizunaren baitan omenaldi hunkigarria ere egingo diete taldearen historian funtsezkoak izan diren hiru laguni: Mari Luz Gorostiza eta Begoña Gorritxategi dantza irakasleei, eta gaur egun ere taldearekin jarraitzen duen Josu Arkarazo txistulariari.
Jai giroak bazkari herrikoiarekin izango du jarraipena, eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Lorratz taldearen erromeriak girotuko du herria.
Lau hamarkadako ibilbidea
Andra Mari dantza taldea 1986an sortu zen hainbat lagunen ekimenari esker. Urteotan, euskal dantzen transmisioan eta herriko kultur bizitzan erreferente bihurtu da. Hasierako urteetan makina bat dantza ikasi ostean, Durangaldeko eta Euskal Herriko hainbat jaialditan parte hartzen hasi ziren.
Taldearen ibilbidean ezinbestekoak izan dira txistulariak ere: lehen urteetan Alejandro Aldekoa berriztarra aritu zen taldearekin, eta ondoren Josu Arkarazo abadiñarra batu zen, gaur egunera arte.
Urte hauetan hainbat mugarri bizi izan ditu taldeak: 1992an Mauleko Euskal Herriko Dantzari Egunean parte hartu zuten; 2007an herriko emakume talde batek euskal dantzak ikasteari ekin zion; eta 2017an lehenengo nesken ezpatadantza taldea plazaratu zuten.
Gaur egun, 30 dantzarik osatzen dute taldea, Goiuri Iturrizaren gidaritzapean. Durangoko Jaizale txistulariekin batera, herriko jaietan, ermitetan eta Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean parte hartzen dute urtero.
Euskal Azoka, igandean
Maiatzaren 25ean, domekan, XXX. Euskal Azoka egingo da herriko plazan. Goizeko 10:00etatik 14:00etara askotariko postuak izango dira ikusgai, eta antxume pintxoak dastatzeko aukera ere egongo da.
Horrez gain, 11:00etan umeentzako tailerrak egingo dituzte frontoian, taloak eta kandelak egiten ikasteko. Eguerdian, 12:00etan, Euskadiko Azpigorri Txapelketa hasiko da aparkalekuan.
Asteburu honetako ekitaldiekin amaiera emango zaio aurtengo Maiatza Kulturalari, kulturaren eta herri giroaren aldeko beste edizio arrakastatsu bati agur esanez.







