Astelehena,
2026ko Maiatzak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Durangaldetik erbesteratutako 500 haur baino gehiagoren memoria berreskuratzeko ikerketa abiatu dute

1936ko kolpe faxistaren eta ondorengo gerraren ondorioak gogorrak eta ugariak izan ziren: erailketak, kartzelaratzeak, zigorrak, lapurretak eta bonbardaketak, besteak beste. Frontea atzeraka zihoan heinean, milaka herritarrek ihes egin behar izan zuten bizitza salbatzeko. Durangaldeko familia askok Bizkaian bertan edo Kantabrian aurkitu zuten aldi baterako babesa; beste batzuek, berriz, urrunago jo behar izan zuten, atzerrian erbesteratzeko.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak haurrak babesteko ebakuazio plan berezi bat jarri zuen martxan, eta horren bidez milaka haur atera zituzten Euskal Herritik. Orain, gerrako haur horien memoria berreskuratzeko helburuz, ikerketa bat abiatu dute Gerediaga elkarteak, Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Durangaldeko hainbat talde memorialistek.

Ikerketaren lehen emaitzak Durangon aurkeztu dituzte jendaurrean, eta datu esanguratsu bat plazaratu dute: gutxienez 530 haurrek ihes egin behar izan zuten Durangaldetik atzerrira 1936ko gerraren ondorioz. Antolatzaileek ohartarazi dute zerrenda oraindik ez dela behin betikoa, eta herritarren laguntza eskatu dute informazioa osatzen jarraitzeko.

Zerrendak ikusgai eta deskargagarri daude Gerediaga elkartearen webgunean (gerediaga.eus), herrika antolatuta. Informazio berria eman nahi dutenek honako bide hauek dituzte eskura:

  • Helbide elektronikoa: info@gerediaga.eus
  • Telefonoa: 688 631 081 (astelehenetik ostegunera, 15:00etatik 18:00etara)

“Ikerketa honen bidez, gerrako umeen memoria aitortu nahi dugu; haiek erbestean bizi izan zutena jasotzea ezinbestekoa da gerra eta gerraostea ulertzeko”, adierazi du Goiatz Pelaezek, Gerediaga elkarteko kideak.

Ikerketa zabal eta sakona

Gerrako haurren gaia sakon aztertu du azken urteotan Intxorta 1937 elkarteak, Gipuzkoan 10.000 haur baino gehiagoren zerrenda osatuz. Esperientzia hori oinarri hartuta, ikerketa Durangalde osora zabaltzea erabaki zuten, eta koordinazio lana Gerediaga elkarteak hartu zuen bere gain.

Proiektuan parte hartzen dute, besteak beste, Andikona 1936 (Otxandio), Berrizko memoria eta giza eskubideen taldea, Castet (Zaldibar), Durango 1936 eta Laumunarrieta (Elorrio) taldeek. Halaber, Birminghamgo Unibertsitateko Memory as Transgenerational Care ikerketa taldea eta Jimi Jiménez historialaria ere ari dira lanean.

Azken hilabeteetan, artxiboak eta erroldak arakatuz osatu dute hasierako zerrenda, eta herritarren ekarpenak ere jaso dituzte zenbait kasutan.

Hasierako datu nagusiak

Ikerketa Espainiatik kanpora joandako 16 urtez azpiko haurretan zentratu da. Honako hauek dira orain arte jasotako datu nagusiak:

  • Guztira: 529 haur
  • Generoa: %49,62 neskak / %50,38 mutilak

Herrika

  • Durango (eta Iurreta): 318
  • Iurreta: 5
  • Amorebieta-Etxano: 46
  • Abadiño: 19
  • Atxondo: 1
  • Berriz: 20
  • Elorrio: 37
  • Ermua: 16
  • Garai: 1
  • Izurtza: 12
  • Mañaria: 4
  • Otxandio: 35
  • Zaldibar: 15

(Oharra: garaian Iurreta Durangorekin anexionatuta zegoenez, baliteke iurretar batzuk Durangoko zerrendan agertzea. Bestalde, ez da Mallabiko izenik aurkitu oraingoz).

Destino nagusiak
  • Frantzia: 204
  • Katalunia (Frantziatik itzulita): 178
  • Belgika: 66
  • Erresuma Batua: 62
  • Ipar Euskal Herria (itzuleran): 6
  • Sobietar Batasuna: 2
  • Mexiko: 1

Haur gehienek Frantziara jo zuten lehenik, eta askok handik beste herrialde batzuetara migratu zuten ondoren.

Herritarren ekarpenen bila

Barne-lanaren lehen fasea amaituta, ikerketak orain fase publikoa hasi du. Aurkeztutako zerrendak ez dira behin betikoak, eta ikertzaileek uste dute oraindik agertu gabeko kasu gehiago egon daitezkeela.

Horregatik, herritarren laguntza eskatu dute: gerrako haur gisa atzerrian egon zen senideren baten berri dutenek informazioa helaraz dezakete datozen asteetan.

Erabilitako iturriak

Ikerketak hainbat artxibo eta iturri historiko baliatu ditu, besteak beste:

  • Euskadiko Artxibo Historikoa
  • Centro Documental de la Memoria Histórica
  • Archives Nationales de France
  • Archivo General de la Administración
  • Archivo Municipal de Alcalá de Henares
  • Durangaldeko udal erroldak (1935 eta 1940)
  • Gregorio Arrienen eta Alonso Carballesen lanak

Halaber, ikerketan parte hartu dute Gloria Campoy y Collado, Marc Mas Carrera eta Jimi Jiménez ikerlariek.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu