‘Gazako Garrasia’, Zornotza Palestinarekin
ZORNOTZA PALESTINAREKIN
Zerura begira eta puskatuta dagoen Anselmo Riolen aingeruak egingo digu harrera Gazako Garrasia esposizioan. Metro gutxitara umeek barre egin, eta jolasak partekatzen dituzte Zornotzako Zelaieta Zentroan dagoen ludotekan. Algara eta jokoetatik hurbil aurki dezakegu Leire Sainz de Ajak sortutako ume hilotzak eramaten dituen orga, Arantxa Arratibelen zoruan hildako ninia edota Belen Urrutxurturen “Elbarria” eskultura. Espazio txikian, behin eta berriz hunkituko gaituzte horrelako figura beldurgarriek otsailaren 28ra arte egongo den erakusketan.

Arteak badu urrun ematen diren errealitateak irudikatzeko gaitasuna, eta hori da erakusketan bere artelanak aurkezten dituzten Eskuahaldunak Eskultoreen Elkartearen helburua. Mikrokosmos konplexua eraiki dute hainbat formatu eta testuinguru erabiliz Palestina Herriko paisaia samingarria azaleratzeko. Sarraski sionistaren okupazioa eta genozidioa azaltzen duten informazio panelek lotzen dute ibilbide didaktikoa obrekin, beste inorena ez den sufrimenduarekin ikuslea elkarrizketan jarriz.
Ibilbide honetan Saúl Varak, Rouhaifa Kassemek, Angela Lizundiak edo Karen Amaiak eginiko zenbait fotomuntaketek min «bizia», eta erresistentziaren sinbologia islatu, eta errealitatearen ispilu metaforikoen aurrean kokatzen dute orainaldia. Memorian ezabatzerik ez dagoen lehengo garaiko izugarrikeria, gaur egun sinesgaitza bada ere, errepikatzen ari dena, Gernika koadroaren zenbait aldaeretan azaltzen da (Susan Bart, Rafa Cantera edo Joxe Amantegi). Sinboloak mudatu dira, baita tiranoen abizenak ere, baina sorrarazitako terrorearen aztarnak berdinak dira. Martz-ek bere trazo ilunetan historiaren lokatzak dakarren sentimendua ederki irudikatu du; edota. Lakak, berriz, herritar sinpleei inperioren zutabeek eragiten dieten zamaren errepresentazio liluragarria erakusten digu, bata zein bestea zornotzarrak dira.
Koke Ardanizen egurrezko emakumeak erakusten duen horrore keinua bere inguruan kokatuta dauden hainbat eskulturek eragindako emozioen ondorioa izan daitezke, Fito Cuevasen errugabeak, Jose Luis Glez. Pazosen sehaska eta Maite Miguelen lurreko hilotzak, alegia, hainbestetan pantailetan ikusten ditugun bizigabeko gorpuak burura ekarriz.
Herri baten hondamendiari ateak zabaltzen dizkion erakusketa honetan, ziurrenik, Rosa María Sanchezek eszenifikatutako gerra-hondakinez osaturiko lurraldearen panoramika litzateke, aldi berean, izutu eta gehien zoratuko gaituen obra. Berdin egingo digu korri zirrarak, gorputza azpikoz gora jarriz, zenbait obra errealisten aurrean: Javier Pérez Faboren odolez jositako bonbardatutako oheak, edota Porrillóren atalasea, non txikitutako bizi zatiak agurtuko gaituzten. Ibilbide osoan ikuslea interpelatuko dute modu zuzen eta eraginkorrean galdetuz: Noiz arte onartuko dugu heriotza eta suntsidura dakarren genozidioaren agertokia?
Gazako Garrasia erakusketak, lan mingarri baina moralki ezinbestekoa, herriz herri bere ibilbidea jarraituko du. Ziurrenik bisitatu ondoren bihotzak birrinduta, Guillermo Olmoren harrizko eskultura bezala, edota Modesto Ariasek margotutako begien antzera odola dariola bukatuko dugu, baina hori izango da eska dakigukeen gutxienekoa zaiguna gure begi-bistan genozidioak eragindako herri oso baten sufrimendua ikustean. Egoera horren aurrean kristalez betetako konketan eskuak garbitzeko eskatuko digu Javier Duque Mendietak, gure kontzientzia zauritzeko asmoarekin, inoren sufrimenduaren aurrean ez gelditzeko ezinbesteko beharra sentiaraziko diguna. Horregatik, Gazako Garrasiarekin lotura egitera gonbidatuko gaitu Agustín Tiferen sokak, erresistentzia, itxaropen eta askatasunarekin bat egitera, Suimanga txoriak (Joserra Elorriaga) hegaldi librea egiteko eskubidea aldarrikatuz.
Antzinako gorrototsak eraikita errautsen artean ez dagoela berbarik dio M. J Furundarenak, horregatik, arteak beti izan du zer esan, eta guk zer ulertu, gaur, eta hemen, bada garaia Palestinatik datorren oihua gure buruetan kateatzeko, milaka pertsonari loak hartzera eragozten dien oinazea gure loezina ere izan dadin.

Inaugurazioa otsailaren 3an burutu zen.





