Asteazkena,
2026ko Apirilak22

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Amorebietak antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituen kultur denboraldia aurkeztu du

MUGA DURANGALDEKO AISIALDI GIDA

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak kulturak udalerriko bizitzan duen funtsezko zeregina azpimarratu du, eta nabarmendu du kulturak herritarren arteko harremanak sendotzen dituela, parte-hartze aktiboa sustatzen duela eta eguneroko bizitza aberasten duela. “Guretzat, kultura oinarrizko zutabea da. Programazio honen bidez, kalitatezko proposamenak eskaini nahi ditugu, adin guztietara egokitutakoak, herritarrek kulturaz gozatu eta esperimentatzeko aukera izan dezaten”, adierazi du.

Ainhoa Salterain eta Alain Concepción. IBAN GORRITI (MUGA)

Datozen hilabeteetan, Zornotza Aretoak dantza, musika eta antzerkiko ikuskizun ugari hartuko ditu, eta Zineklubaren eskutik hautatutako filmen proiekzioak ere eskainiko dira. Zinema-emanaldiak asteartero izango dira, 19:00etan, eta saio bakoitzaren ondoren solasaldi ireki bat egingo da, ikus-entzunezkoen alderdi esanguratsuenak sakontzeko.

Zazpi antzezlan programazioan

Antzerkia izango da denboraldiko ardatz nagusietako bat. Otsailaren 20an hasiko da programazioa Nor Naizen Baneki lanarekin; denboraren geruzetan barrena historia azaleratzen duen indusketa arkeologiko baten bidez kontatutako antzezlana. Ondoren, honako lan hauek taularatuko dira: R&J (La Dramática Errante), Shakespeareren maitasun tragikoaren bertsio eguneratua; Lo Peor Que Le Puede Pasar a un Niño (Ekoma Teatro), maskulinitatearen inguruko hausnarketa; Kolapsoa (Jon Ander Urresti), kontsumismoaren inguruko gogoeta; eta Calla y Come (La Cocina), benetan mugitzen gaituen horretara bidaia introspektiboa proposatzen duena.

Halaber, Nancy Grace Roman (Nexo Teatro) lanak Hubble teleskopioaren garapenean funtsezko ekarpena egin zuen astronomo aitzindariaren figura ezagutzeko aukera eskainiko du.

Zazpi kontzertu eta estilo aniztasuna

Musika programak guztira zazpi kontzertu hartuko ditu, publiko ororentzat eta estilo askotariko proposamenekin. Nabarmenenetako bat Alain Concepcion zornotzarraren kontzertua izango da, apirilaren 11n, Holding Love diskoa aurkezteko. Lan horrek soul, jazz, funk eta soft rock estiloak uztartzen ditu.

Bestalde, martxoaren 12an Kamikaze Helmets taldeak joko du, gitarra gabeko rock proposamen bereziarekin. Otsailaren 14an Go!azen 12 ikuskizun gaztea aurkeztuko da, eta maiatzaren 9an Amorebietako Musika Bandak Sentzasioen Bila kontzertu berezia eskainiko du, musikak sortzen dituen sentsazioak ardatz hartuta.

Dantza: heldutasuna eta familia publikoan

Dantzaren alorrean, gustu guztietarako proposamenak bildu dira. Martxoaren 20an You Have an Inner World, And So What? (La Senior de Larrua) ikuskizuna aurkeztuko da; heldutasunari buruzko hausnarketa bat, 40 urtetik gorako dantzarien esperientzia eta eszenaratze-heldutasuna balioan jartzen dituena.

Maiatzaren 16an, Lasala konpainiak Alai Familian taularatuko du, haurrei zuzendutako lana. Sei urteko Alai neskatoaren istorioa kontatzen du, bere amona eta txakurrarekin bizi dena, eta bere familiaren egitura lagunena bezalakoa ez dela sentitzen duena. Ametsen munduan murgilduta, familia-eredu eta animalia desberdinak ezagutuko ditu, familia-aniztasunaren inguruko hausnarketa irudimentsu eta hurbila eskainiz.

Antzerki familiarra eta haurrentzako proposamenak

Familia osoarentzako ikuskizunek ere leku nabarmena izango dute programazioan. Zornotzar familientzat aurreikusitako lanen artean daude Zerua Lapurtu Dute (Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore), umorez eta abenturaz beteriko ikuskizuna, eta Amama Irrifareen Ondarea (Eidabe), familia-oroimenaren garrantzia lantzen duena.

Horrez gain, indar bisual handiko Kimú (Marie de Jongh) lana eskainiko da, haurren barne-mundua dantzaren eta antzerkiaren bidez esploratzen duena.

Sarrerak eta bazkide izatearen abantailak

Ikuskizun guztietarako sarrerak jada eskuragarri daude sarrerakzornotzaaretoa.com webgunean. Plaza kopurua mugatua denez, Udalak herritarrei gomendatzen die sarrerak ahalik eta lasterren erostea. Egitarau osoa bertan kontsulta daiteke.

Bestalde, Zelaieta Zentroko bazkide egiteko hainbat abantaila daude. Amorebieta-Etxanon urtebete baino gehiago erroldatuta daramaten pertsonek urteko kuotan %50eko edo %100eko hobaria jaso ahal izango dute, diru-sarreren arabera edo %33ko edo gehiagoko desgaitasun-gradua badute. Bazkide izateak, gainera, kultura-onura gehigarriak eskaintzen ditu, hala nola hiru zinema-saio eta bi ikuskizun doan ikusteko aukera.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu