MusikagazFest jaialdiak bere aplikazioa estreinatuko du aurtengo edizioan
MUGA DURANGALDEKO AISIALDI GIDA
Gaur, urtarrilak 28, jakinarazi dute MusikagazFest jaialdiak bere aplikazioa izango duela aurtengo edizioan. Tresna digital berriak aukera emango die erabiltzaileei parte hartzen duten taldeen fitxak kontsultatzeko, euren lana entzuteko, kontzertuen ordutegiak eta kokalekuak ikusteko eta jaialdirako ibilbide pertsonalizatua antolatzeko. Aplikazioa Android eta iOS sistemetarako eskuragarri dago. Jaialdiaren berri MUGAk joan den astean eman zuen.

Argazkia · MUGA
Datorren urtarrilaren 31n ospatuko da MusikagazFest jaialdiaren laugarren edizioa Amorebieta-Etxanon, eta euskal musika sortzaile gazteak izango dira protagonista. Guztira 13 artista eta talde igoko dira herriko hainbat gunetan banatutako agertokietara, 13:30etik aurrera, kontzertu eta DJ saioekin.
Jaialdiaren egitaraua Arraibi plazan hasiko da, eta Andra Mari plaza, Euskal Herria plaza, Zelaietako Kontzertu Gela, Vintage taberna eta Amorebieta IV frontoia izango dira egun osoan zehar musika emanaldiak hartuko dituzten espazioak.
MusikagazFest-en helburua euskal musikaren esparruan sortzaile gazteen talentua sustatzea eta ikusaraztea da, gazteentzako kalitatezko aisialdi kulturala eskainiz. Programazioaren zati bat DA! PRO topaketatik igarotako taldeek osatzen dute, euskal musikaren profesionalizazioa eta ikusgarritasuna indartzeko asmoz.
Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. MusikagazFest Amorebieta-Etxanoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gerediaga Elkartearen, Musika Bulegoaren eta Zornotzako Gazteak elkartearen arteko lankidetzari esker antolatzen da.
EGITARAUA
-
13:00 – Silitia, Arraibi plaza
-
14:00 – Sueder, Andra Mari plaza
-
14:30 – DJ Rosamari, Arraibi plaza
-
14:30 – Hondora, Euskal Herria plaza
-
15:00 – DJ Isma, Andra Mari plaza
-
15:30 – DJ Rednal, Euskal Herria plaza
-
18:00 – Etxepe, Amorebieta IV frontoia
-
19:00 – Odik, Zelaietako Kontzertu Gela
-
20:00 – Uxue Kerejeta, Vintage
-
20:30 – Maialen Ibarra, Zelaietako Kontzertu Gela
-
21:30 – Sua, Amorebieta IV frontoia
-
22:30 – Sara Zozaya, Zelaietako Kontzertu Gela
-
23:30 – Jonkass, Amorebieta IV frontoia
Amorebieta-Etxano euskal sormenaren hiriburu bihurtzen da Musikagaz Fest jaialdiarekin









