Euskal Herriko milaka lagunek indarrak batu zituzten askatasunerantz, 40’ ROCKen 2025eko edizioan
40′ ROCK
Milaka lagun batu dira Landako Gunean beste urte batez, elkartasuna jai giroan ere adierazi daitekeela erakusteko. Egun osoko musika eskaintza bikainaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek, estilo denetarikoa, aldarria eta elkartasuna bafleetatik oihuka irteten zelarik. Jaialdia normaltasunez joan zen, jarrera desegokiren bat edo beste kudeatu behar izan baziren ere.

ARGAZKIA: 40′ ROCK
Jaialdia Sukena talde oñatiarrak zabaldu zuen. musika gozoa, eguraldi goxo bati lagun. Sukenak markaturiko bidea jarraitu zuten atzetik etorri ziren taldeek: mezu eta aldarrikapen zuzenak. Eguerdiko programazioan gorabeherak egon ziren, TOC taldea ezin izan baitzen etorri azken orduko osasun arazo batzuk medio. Hala ere, musikak martxan jarraitu zuen, eta karpan egon behar zuen Maruxak taldeak
gogor zapaldu eta astindu zuen gune nagusiko oholtza.
Arratsaldean giroa berotu zen, kanpoko tenperatura jaitsi ahala Landako Gunekoa igotzen zihoan, eta 20:00ak bueltan egindako ekitaldian milaka lagun horiek besoak eta aldarriak bateratu zituzten, euskal preso, iheslari eta deportatuak behingoz etxean izan ditzagun oihukatuz.
Iragana, oraina, geroa
Ekitaldiak islatu legez, bide honek bere iragana, oraina eta etorkizuna ditu. Gogoratu ziren igarotako une ilunak, kartzelaratua izandako jende guztia, etxetik ihes egin behar izan zituzten guztiak; egungo egoeraren berri eman zen, azpimarraturik helburu nagusiak ez daudela beteta, eta bidea geratzen dela aurretik; eta herriak aurretik duen bide hori nola, norekin eta norantza egingo duen aldarrikatu zen.
Gauari jarraipena emateko, iraganean, orain eta etorkizunean errefeente izan ziren, diren eta izango diren taldeek zapaldu zituzten oholtzak: Nakar, Anestesia, Kaleko Urdangak, Süne eta Dupla. Ikus-entzuleen jai eta aldarri grinak eztanda egin zuen momentu hartan, gaua ezinhobe zarratuta Aguraingo bikoarekin batera.
2025eko edizioa bukatu da, horrebestez. Baina otsailaren 15etik harago, badago zer egin, badago zertan lan egin. Eta 40’ Rock-ek 2026ko edizio bereziari, hamargarrenari begira jarri behar badu ere, herriak eguneroko lanetik eta borrokatik egin behar du bidea.
Indarrak batuz, askatasunerantz!