ALPINO TABIRA MENDI KLUBA: «Otsailera begira, eskaintza anitza prestatu dogu»
ALPINO TABIRA MENDI KLUBA
MUGA AISIALDIA
Hilaren 16an Okomendia (1258 m) izango dogu helburu, Lokizko mendizerraren puntu gorena. Gastiain eta Done Bikendi Harana arteko 16 kilometro inguruko zeharkaldian Araba eta Nafarroa arteko mugan ibiliko gara. Izen emateak otsailaren 6ean zabalduko dira, lehen eguna bazkidentzat erreserbatua egongo dalarik.
Ekintzek otsailaren 22-23ko asteburuan eukiko dabe jarraipena. Urtero legez, mendi taldeko bazkide batzuen ekimenez, mendi-eski ikastaroa emango da Belagua inguruetan. Izen ematea otsailaren 13an zabalduko da eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da mendian federatuta egotea. Zehazten dogu hastapen ikastaro bat dala, eta beharrezko materiala, klubeko bazkide izanez gero, Alpinon bertan alokatu daikezuela.
Otsailaren 23an ospatuko dogu baita ere aurtengo txitxiburduntzi eguna. Uribarriko Andra Mariaren elizpetik urtenda, eta 2 ordu inguruko mendi ibilaldi labur bat egin ostean, suaren bueltan alkartuko gara hamaiketako gozoa jateko.
Hurrengo hilabetera begira, martxoaren 2ra hain zuzen ere, klubaren beste ohiko ekintza bat dogu zain: sagardotegirako bisita. Bazkaria ere barne hartzen dauan ekintza honek aurten Trebiño izango dau helburu.
Irteera guzti honeen inguruko informazio zabalagoa www.alpino-tabira.org orrialdean daukazue.
Udako irteeren aurkezpenak
Otsailaren 19an, eguaztenez eta klubeko bulegoan, aurten prestatu doguzan udako irteeren inguruko aurkezpena izango da arratsaldeko 19:00tan, beraz, interesatu guztiak bertara gerturatzera animatzen doguz.