MusikagazFest 2025 jaialdiak 10 artista baino gehiago bilduko ditu Amorebietan zapatuan
MUGA AMOREBIETA-ETXANO
Datorren larunbatean, urtarrilak 25, Amorebieta-Etxano MusikagazFest 2025 jaialdiaren agertoki bilakatuko da. Euskal musika sortzaile gazteen lana indartzeko diseinatutako jaialdia da hau, gazteen talentua sustatzeko eta artista berriei ikusgarritasuna eskaintzeko, alegia. Aurtengoan, 10 emanaldi baino gehiago jasoko ditu MusikagazFestek, herriko hainbat tokitan banatuta.
Horrela azaldu dute atzo goizean egindako aurkezpenean Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Koldo Bilbao Kultura zinegotziak, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko ordezkariak eta Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariak. “MusikagazFest talentu gaztearen eta euskal kulturaren aldeko apustu sendoa da. Jaialdi honek kalitatezko aisialdiko alternatiba eskaintzen die gure gazteei, eta, horrez gain, ezinbesteko erakusleiho bihurtzen da beren bidea ekiten ari diren euskal artista eta talde gazteentzat”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Kontzertuak 13:00etatik aurrera hasiko dira eta agertoki nagusi izango dira Arraibi plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta kontzertu gela, Amorebieta IV frontoia, Zezilia Gallartzagoitia kalea eta Vintage taberna. Parte hartuko duten artisten artean, Kai Nakai, Larru eta Lagunak, NAZ, DJ Kene eta Albina Stardust nabarmentzen dira; azken honek itxiko du jaialdia, 00:30ean. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Emanaldiez haratago pintxo pote berezia ere egingo da, 14:30etatik 16:00etara, Urtza Tabernan, egunari ukitu gastronomikoa gehituz.
«BENETAN AUKERA PAREGABEA»
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Gerediaga Elkartearekin, Musika Bulegoarekin eta Zornotzako Gazteak elkartearekin elkarlanean antolatuta, MusikagazFestek kultur arloan euskararen erabilera sustatu eta musika zaletu gazteen topagune izatea du helburu. “MusikagazFest-ek antolakuntzan inplikatutako erakunde eta kultur eragile guztiek gure gazteriarekiko eta kultura arloan euskara sustatzeko dugun konpromisoaren adierazle da. Lankidetza horri esker, musika, gazte talentua eta gure hizkuntza uztartzen dituen ekimen bat sortu dugu, gazteen sormenari eta adierazpen artistikoari bidea emanez eta, aldi berean, euskara gure kulturaren eta nortasunaren giltzarri gisa indartuz”, azpimarratu du alkateak.
Amaitzeko, aurkezpenean egon den eta larunbatean kontzertua eskainiko duen Kai Nakai abeslari gazteak herritar oro animatu du larunbateko jaialdiaz gozatzera: “MusikagazFestek kalitatezko artista eta talde ugari batuko ditu Amorebieta-Etxanon eta benetan aukera paregabe izan da euskal musikaz eta euskal kulturaz gozatzeko, beraz, animatu eta zatozte Amorebieta-Etxanora!”, amaitu du abeslariak.