Igandean, Jaizale Durangaldeko Txistulari elkarteak Eleder Iturrietaren zuzendaritzapean San Frantziskon
Jaizale Durangaldeko Txistulari Elkartea
Hator, hator… Horra Mari Domingi… Horra, horra, gure Olentzero… Mesias sarritan… Zenbat eta zenbat doinu ezagun abenduaren bueltan. Hauek entzun eta Gabonak ate joka ditugun seinale. Eta horrela da; laster etxekoekin partekatuko ditugu aspaldiko kontuak, txutxumutxuak, txisteak… Mahai inguruan batuta, gogotsu kantatuko ditugu betiko abestiak. Jaizale taldeko txistulariok ere horrela daramagu denbora asko, kontzertuak prestatu eta jendearengana, herriarengana heldu nahian.
Alejandro Aldekoa berriztarraren zuzendaritzapean gure lehen Gabon kontzertuak Andra Maria elizpean eman genituenetik, hemen jarraitzen dugu ekinean. Denborarekin, kaleko oholtza hotzetik, Santa Anako eleizako berotasunera egin genuen salto Jose Ignazio Abasolo gidari zela. Jesuiten eleizan ere izan ginen urte baten. Gerora, 2016ko neguan, San Frantzisko eleizara heldu, eta, ordutik, bertan elkartzen gara gure Gabonetako kontzertua eskaintzeko, Eleder Iturrietaren batutapean.
Baina bestelako mugimenduak ere eman dira gure artean. Jaizale jende gaztez osatzen joan gara. Harrobi ederra daukagu gurekin. Musika eskolatik edota bestelako talde anitzetatik heldutako haize berriak batu zaizkigu elkartera, eta harro gaude. Ezin aipatu barik utzi, ekitaldi hau doinuz eta kantuz janzten laguntzen diguten zeharkako flauta, klarinete, tronboi, tronpeta, tronpa, bonbardino; bibolin, biola, biolontxelo; piano; eta Orfeoiko edota lagun sopranoen, tenoreen… ahots zoragarriak. Denon laguntzaz, familia ederra osatzen dugu gaur egun.
Eta horrela heldu gara 2024ko Gabonetako Jaizale Txistularien Elkarteko kideok antolatu dugun Gabon kontzertura. Aurten, kanta berri bat estreinatuko dugula aurreratzen dizuegu. Ea gustuko duzuen. Gogoratu, San Frantzisko eleizan izango gara, abenduaren 22an, eguerdiko 13:00etan. Bertan itxaroten zaituztegu!
Ondo etorriak denok!