Amorebieta-Etxanoko Udala 10 autokarabanentzako aparkalekua eraikitzen ari da Larrean
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Udalerrian autokarabanen sarrera eta egonaldia errazteko helburuz, autokarabanentzako aparkaleku bat sortzeko lanei ekin die Amorebieta-Etxanoko Udalak Larrea auzoan, gobernu akordioan, PSE-EErekin adostutakoari jarraiki.
Une honetan, oinarrizko zerbitzuak jartzeko lanetan ari da Udala, hala nola ur-hornidura, hustubide-sistema eta argiteria publikoa, espazioak beharrezko azpiegitura egokiak izan ditzan eta bidaiarientzako leku eroso zein funtzionala izan dadin. Ondoren, eremua asfaltatu eta aparkalekuak margotuko dira, eta espazioa egurrezko hesi batekin mugatuko da. Gainera, informazio-seinaleak jarriko dira, erabiltzaileen orientazioa errazteko.
10 PLAZA
Behin obra amaituta, autokarabanentzako 10 plaza izango ditu aparkalekuak, baita zerbitzu-gune bat ere, edateko ura hartzeko, hondakin-urak husteko eta hondakinak birziklatzeko. Horrez gain, berdegunez inguratutako atseden-gune bat ere egongo da, erabiltzaileei hirigunetik gertu egonaldirako ingurune lasaia eskainiz.
Espazio hau, hain zuzen autokarabanari loturiko turismoaren gorakadari erantzuna emateko diseinatu da, udalerriaren dinamizazioaren mesedetan. Iraupen laburreko egonaldietarako egokituko da eta guztiz irisgarria izango da. Aurreikusitako inbertsioa 100.000 euro ingurukoa da, eta 2025eko udaberrirako zabaltzea espero du Udalak.