KRISTINA MARDARAS: “Beti izan naiz etengabe lanean dabilen txindurri bat, baina ez nuen horren truke omenaldirik espero”
JON BARAJA
Kristina Mardaras Sedrun iurretarrak merezitako omenaldia jaso zuen pasa den larunbatean bere herriaren partez. Jende ugari batu zen Askondoko karpan bere bizitza osoan zehar egindako ekarpen izugarria eskertzeko, batez ere herrigintza, euskara eta kultura bezalako arloetan. “Oso hunkigarria izan zen”, onartu dio MUGA-ri Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zenak.
Kristina Mardaras Sedrun (Iurreta, 1948) egun ahaztezina bizi zuen joan den larunbatean, azaroak 30. Izan ere, Udalak omenaldi bat antolatu zuen jendez gainezka egon zen Askondoko karpan bere bizitza osoan zehar egindako ekarpenengatik eskerrak emateko. “Sorpresa bat izan zen, ez nekielako zehazki ekitaldia zer izango zen. Astean zehar omenaldi xume bat baino zerbait gehiago izango zela susmatu nuen. Oso hunkigarria izan zen, jende pila bat egon zen. Esker on potentea izan zen. Harrituta nago, baina esker oneko ere bai”, aitortu dio Mardarasek komunikabide honi.
“Orain sentitzen dut ohore hori lehen baino gehiago»
Bertsolari eta irakaslea, Iurretako kulturgintzan eta euskalgintzan hainbat proiektutan parte hartu du. “Onartzen dut beti izan naizela etengabe lanean dabilen txindurri bat, baina ez nuen horren truke omenaldirik espero”, azpimarratzen du bertsolaritza munduan aitzindaria izan zen emakumea. Izan ere, bera izan zen Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehena, 1986. urtean. “Orain sentitzen dut ohore hori lehen baino gehiago. Ez nuen paper handirik egin, baina nire presentzia bera eraldagarria izan zen gizonezkoen paisaia horretan. Gero atzetik etorri diren emakumeek paisaia hori osatu dute. Ondo egin dio bertsolaritzari, eta gizarteari ere”, hausnartzen du.
Hikadromoa Durangon datorren larunbatean Landako Eskolan
Militante nekaezina, saltsa askotan murgilduta egon da beti. “Beharizana ikusten dudan lekuan, eskua ipintzen dut”, onartzen du. Une honetan esku artean dituen proiektuen artean, datorren larunbatean, hilak 7, Landako Eskolan burutuko den Hikadromoa nabarmendu daiteke. Hitanoaren erabilera bultzatzeko ekimena, Azoka aprobetxatuz Gerediaga Elkartearen babesean antolatuta, 16:00etatik 17:45ak arte egingo da.
“Hikaren erabilera toki askotan galtzen ari dela ikusi dugu, batez ere emakumeen artean.Beraz, mugimendu bat sortu dugu Euskal Herri mailan”, azaltzen du Mardarasek. “Gai batzuen inguruan berba egin, elkarren artean ondo pasatu eta hika bizirik dagoela erakutsi nahi dugu. Hizkuntza informala da eta erakargarria izan daiteke jende gaztearentzat”, gehitzen du. “Parte hartu nahi dutenek nahiago dugu izena ematen badute (652750947 telefonora deituz egin daiteke) antolaketa lanak errazteko, baina azken orduan etortzeko aukera dutela ikusten badute, arazo barik gerturatu ahal dira, 500 lagunentzako lekua dago eta”, gonbidatzen du.
Abenduaren 7an izango da Euskal Herriko I. Hikadromoa Durangoko Landako Eskolan