Igandea,
2024ko Abenduak22

MugaKultura

loader-image
Durango
6:12 am,
temperature icon 8°C
Humidity 84 %
Ráfagas de viento: 10 Km/h

Ana Herranz elorriarraren eskulturek eta argazkiek jantziko dute abenduan Iturriko aretoa

Bihartik 30era, elorriar artistaren artelanek hartuko dute erakusketa-gelaren erdigunea. Ana Herranz Gallastegik irakaskuntza eta sorkuntza artistikoa uztartu ditu Arte Ederren fakultatean graduatu zenetik hona. Eskulturan espezializatua, ikuspuntu eta momentu ezberdinak adierazten ditu bere lanetan, espazio eta denborarekin jolas eginez eta koloreei garrantzi handia emanaz. Horretarako askotariko materialak erabiltzen ditu, hala-nola egurra, burdina edota harria. Akuarelak margotzen ere trebea da, eta erliebezko koadroak egitea gustatzen zaio, “testura ezberdinak jorratzeko”.

Agustin Ibarrola artista eta lagunarengandik eragin handia jaso duela aipatu du, eta erronkazalea dela: “Niretzat artea etengabeko ikaskuntza da. Momentu batean estilo bat landu izan dut, gero beste bat. Inportantea iruditzen zait estilo bakoitzetik, edo batzuetatik, zerbait hartzea, hau da, ez geratzea estilo bakarrean finkatuta. Esperimentatzea onerako da beti. Nahiz eta gauzak okerrago irten, ikusten duzu zer ez den egin behar, edo zer aldatu behar den”, azaldu du Herranzek.

GRESA ETA ESMALTEA

Orain estelekin eta erliebeekin “gustura” dabilela azaldu du. Gresarekin eta esmalteekin ari da ikertzen eta konbinazioak egiten. Beraz, ezaugarri horiekin egindako lanak erakutsiko ditu, Elorrioko eta Argiñetako ezaugarriez jositakoak. Eta baita munduan barrena ateratako argazkiak ere: “Asko gustatzen zait bidaiatzea; Hego Sudan eta Papua Ginea Berria bisitatzen egon izan naiz berriki, eta interesgarria iruditu zait han ateratako argazkiak erakusketan uztartzea”, azaldu du.

Euskal Eskultoreen Elkarteko kidea ere bada elorriarra. Azaroan beste bi erakusketetan parte hartu du, Agurainen eta Oiartzunen. Abenduan, gainera, elkarteak Durangoko Azokan izango duen txokoan ere erakutsiko ditu haren artelanak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu