Elorrioko Liburutegiak aurtengo 1000. alea bidali du Liburutegien Arteko Mailegu zerbitzura
Ermuako liburutegiari igorritako Joris Chamblainen El zoo petrificado gazte liburuak marka berria ezarri du Elorrioko Udal Liburutegian, urte honetan Liburutegien Arteko Maileguan partekatzen den milagarrena izanik. Hala, 2024an inoiz baino ekarpen gehiago egin ditu sare horretara Iturri Kultur Etxean dagoen zerbitzuak.
Izan ere, gero eta irakurle gehiago dira zerbitzu hau baliatzen dutenak. Horregatik, eman ez ezik, Udal Liburutegiak hartu ere egiten du, bertako liburuzainak gero eta eskaera gehiago egiten ari direlako beste liburutegietara.
Erabiltzaileek oso erraz eska dezakete gura duten liburua. Nahikoa da Elorrioko Udal Liburutegiko txartela izatearekin. Horren bitartez, gurean ez dagoen liburu bat eskatzen diote liburuzainari, eta honek beste liburutegi bati igortzen dio eskaera. Hori dela eta, sarritan ibiltzen dira Elorrioko liburuzainak paketeak gora eta behera. Astelehenero jasotzen dituzte eskatutako liburuak eta liburutegiak berak ematen du abisua alea jasotzeko prest dagoenean.
IRAKURLE GEHIAGO
Aipatzekoa da gero eta irakurle gehiagok baliatzen dutela zerbitzu hau. “Elorrioko udal liburutegitik gero eta eskaera gehiago egiten ari gara beste liburutegietara”, adierazi du liburutegiko arduradunak, eta gaineratu du bidalketa gehienak gainontzeko Durangaldeko liburutegietara egiten direla, baina eskatzaile gehiago ere badituztela: “Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Galdakaoko liburutegiak ere eskatzaile handienen artean daude. Gainera, Gasteizko eta Getxoko liburutegi sareei ere liburu dezente bidali zaie 2024 urte honetan”.
Liburutegien Arteko Mailegua Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) bitartez kudeatzen den zerbitzua da. Lankidetza sistema horrek bilduma oparoa eskaintzeko bermea ematen du. Sarea erkidegoko udal-liburutegi guztiek osatzen dute eta katalogo bateratu bat daukate, helbide honetan kontsulta daitekeena.