Abenduaren 7an izango da Euskal Herriko I. Hikadromoa Durangoko Landako Eskolan
Testua · ZirHika
ZirHika taldeak Hikadromoa antolatu du. Aurtengo Durangoko azokako nobedadeetako bat izango da. Durango euskalzaleen bilgunea izaten da urtero eta aurten hikalarien bilgune izatea ere nahi dute. Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du. Helburua: hika hitz egitea eta ondo pasatzea.
Hikadromoa Bagera euskara elkarteak gidatuko du: laukoteak osatuta jardungo dute hika, 15 minutuero taldez eta gaiz aldatuz. Izena emateko on-line formularioa prestatu dute. Telefonoz ere eman daiteke izena: 943121775 / 652750947.
ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Iaz egin zen Euskal Herriko I. Hika Topaketaren ondoren sortu da, elkar ezagutu, indarrak batu eta hitanoa bultzatzeko. Hikadromoa izan da antolatu duen lehen jarduera eta, horretarako, hainbat bidelagun izan ditu: Bagera,
Praktikatu AEK eta Gerediaga, besteak beste.
ANIMA HADI! BELDURRIK GABE HIKARATU!
Non: Landako eskolan, azokako kale berean
Noiz: Abenduaren 7an, larunbata, 16:00etatik 17:45era
Antolatzaileak: ZirHika taldea, Badihardugu elkartea eta Bagera elkartea
Bidelagunak: Gerediaga, Praktikatu AEK, Durangoko Udala eta Iurretako Udala
Hitanoarekin lotutako beste jarduera batzuk, azokan
-Hitzaldiak. Abenduaren 6an, 19:20an hasita, areto nagusian. Lehenengo, Badiharduguk hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditu. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa izango du hizpide: grabazioak sarean nola kontsultatu.
-Mahaingurua. Abenduaren 7an, 11:30ean Durangoko museoan. «Hik eta biok», Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta.