Solasaldia Abadiñon Joseba Sarrionandia, Leire Vargas, Eneko Sagardoy eta Onintza Enbeitarekin
JON BARAJA
Aurtengo Ostera kultur festibal ibiltaria, Balmaseda eta Arrigorriagatik igaro dena jada ‘Euskaran mundu oso bat kabitzen da!’ lemapean, Abadiñora helduko da azaroaren 28an, osteguna. Arratsaldeko 18:30ean, ‘Kulturgintza bihar: Nola sustatu kultur-zaletasuna?’ deituriko solasaldia abiatuko da Txanporta Kultur Etxean. Bertan, kulturgintzaren egoera aztertuko duten puntako hizlariak Joseba Sarrionandia idazle iurretarra, Eneko Sagardoy aktore durangarra, Onintza Enbeita bertsolari muxikarra eta Leire Vargas poemagile durangarra izango dira.
Aipatutakoa ez da izango Osteraren barnean Abadiñon burutuko den ekitaldi bakarra. Izan ere, azaroaren 29an, 20:00etan, Matienako frontoiak Harrobi Dantza Bertikala konpainiaren ‘Geure(r)a’ lana hartuko du. Egun bat geroago, hilaren 30ean, Nøgen taldearen kontzertua egongo da probalekuan 20:00etatik aurrera. Azkenik, abenduaren 1ean, 12:00etan, Errota Kultur Etxean ‘Iratxoak eta Basoko Sorginkeria’ familientzako ikuskizunaz gozatu ahal izango da.