Igandea,
2024ko Abenduak22

MugaKultura

loader-image
Durango
4:45 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 92 %
Ráfagas de viento: 56 Km/h

BEÑAT GAZTELURRUTIA: “Deialdi berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako”

59. Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur San Agustin kulturgunean, azoka egunetan Szenatokia gunea hartuko duen aretoan hain zuzen. Bertan izan dira egitarauaren antolaketan lanean ari diren arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga Elkartea), Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia) eta Aitor Agiriano (Azoka Telebista). Egitarauak gunez gune izango dituen xehetasunak azaldu dituzte kazetarien aurrean.

 

 

59. Durangoko Azoka ate joka dugu. Hilabetetako lanaren ostean, antolakuntzaren asmoak forma hartzen hasi dira: egitaraua esku artean, erakusmahaien kokapena antolatuta, kultur nobedadeen zerrenda osatuta… eta prestaketen azken txanpan murgilduta. Durangoko Azokaren ateak zabaltzeko gogotsu daudela azaldu du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak. “Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko. Aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako”, esplikatu du Gaztelurrutiak.

Abenduaren 5etik 8ra garatuko da Durangoko Azoka. Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko. Denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte sorkuntza lan horiek, eta
tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira. Esaterako, Palestinari buruz aurkeztuko diren zenbait lan, euskaratik ere munduari begiratzen zaion adibide. Lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira. Egitarau osoa, durangokoazoka.eus webean kontsultatu ahalko dute zaleek. Hauek dira zenbait xehetasun:

– Talaia: Euskaraldiaren kantua Durangoko Azokako gune honetan emango da ezagutzera. Urtero lez, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da. Gainera, EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa, azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean.

– Museoa: Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai; azaroaren 28an izango da inaugurazioa. Horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira, eta Basterretxeari omenaldia ere egingo zaio abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du Museoan.

– Ahotsenea: 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira. Belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute. Plazara lehen aldiz agertuko direnekin batera arituko dira urteetan euskaraz sortzen ari diren idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean, parkeko eremuan instalaturik egongo da; Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean.

– Irudienea: Euskarazko zinemagintzaren plazan 40 lan eskainiko dira. Umeentzat hainbat lan egongo dira; Irabazi arte telesailaren estreinaldia, adibidez. Haibat gazte zinegileren lanak ere ikusi ahalko dira, Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, besteak beste. ITOIZ, udako sesioak dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.

– Kabia: Euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutuko ditugu, euren artean hitanoa erabiltzeko AppaHi! aplikazioa. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira. Adibidez, Elhuyar fundazioak adimen artizialaren aukera eta mehatxuen inguruko eztabaida antolatuko du.

– Saguganbara: Haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira: aurkezpenak, irakurketak, tailerrak… Berrikuntza bezala, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Abenduaren 6an Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.

– Szenatokia: Arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla; esaterako, Las Paralelas konpainiaren Odola izeneko pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak izeneko lana. Bestalde, Karrika antzerki talde durangarrak obra berria ere aurkeztuko du.

Beste zenbait ohar:

– Abenduaren 5ean, Ikasle Goizarekin ekingo dio Durangoko Azokak aurtengo edizioari. Haiei eskainiriko tailerrak egongo dira gunez gune. Hala ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat.

– Abenduaren 6an ospatuko da Gazte Eztanda. Egitarauan gazteei zuzenduriko ekintza ugari txertatu dira, egun osoko plana egin ahal izan dezaten. Gainera, gauez ere kontzertua egongo da Landako plazan instalatuko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik. Egun osoko jaialdira etortzeko, autobusak antolatuko dira Gasteiztik eta Iruñetik.

– Durangoko Azoka iragartzeko kartela Udatxo eta Balu artistek sortu zuten, eta eurek proposatuta, abenduaren 6an azoka egongo dira, kartelak bisitariei banatu eta sinatzen.

– Abenduaren 6an, Marramiau sorkuntza kolektiboak ‘Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz’ telesaila estreinatuko du bi emanalditan, Saguganbaran eta Irudienean. Iazko Sormen Bekaren emaitza da.

– Azoka Telebistak ‘Hartzea ematea DA’ izeneko magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen.

– Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prest egongo da. Puntu moreak ezarriko dira, eta norbaitek beharra izango balu, bertara jo ahalko luke. Landako Guneko Info puntua eta txapa morea soinean eroango duten antolatzaileak izango dira puntu more horiek.

– Durangoko Azokaren 60garren edizioa ospatuko da datorren urtean, eta horren harira, gaur eguneko azokaren argazkia emango duen ikerketa egiten hasi da antolakuntza. Inkestatzaileek bisitariengana joko dute iritzia eskatzeko. Horrez aparte, sortzaileekin eta partaideekin ere beteko dituzte galdetegiak beste fase batzutan.

– Ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, igandeko itxiera aurreratuta. Hortaz, azoka 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da egunero, baina abenduaren 8an arratsaldeko 18:00etan zarratuko da.

– Bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, eta autoz etorriko badira, jakin dezatela abenduaren 6tik 8ra autobus zerbitzua ipiniko dela, Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu