59. Durangoko Azokaren spota lau haizetara zabaldu da gaur
MUGA 10 URTE ZUREKIN
59. Durangoko Azokaren spota lau haizetara zabaldu da gaur. Hogei segundoko ikus-entzunezko bizia da, estetika aktualekoa. Hainbat talde eta sortzailek parte hartu dute garapenean; gidoia Sorland agentziak ondu du, eta Arriguri ekoiztetxeak izan du grabaketaren ardura.
Hartzea ematea DA! leloa irudiz eta musikaz jantzi du spotak. Hain zuzen, eslogana indartu nahi izan dute sortzaileek. “Islatu dena horixe da: euskal kulturan irakurle, entzule, ikusle eta abar izateak duen garrrantzia, idazle, musikari edo antzezle izatearena bestekoa edo handiagoa delako”, azaldu dute Sorland agentziako kideek. Gidoia lantzerakoan, horri estetika aktual bat eman nahi izan diote, aurtengo irudi nagusiarekin bat; estetika bisuala, sonoroa eta zentzumenezkoa.
Irakurtzea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, egotea egitea da, eta Hartzea ematea DA. Leloaren unibertso hori asko gustatu zaie Arrigurikoei, eta spotean txertatzea erabaki dute, mezua bera ere hobeto ulertarazteko asmoz. Spotaren istorioari dagokionez, ideiak hartzetik berriak sortzera doan prozesua kontatu dute. “Liburu bat irakurri, esaldi batek inspiratu, letra bat idatzi, letra hori abesti bihurtu, abesti hori bideo baterako erabili… prozesu hori 20 segundotan esplikatzea nahi izan dugu, modu zuzen eta dinamikoan”.