Nemesio Bikandi, udal musika bandaren sortzailea, omenduko du Amorebietak zapatuan
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Datorren zapatuan, Nemesio Bikandi, udal musika bandaren sortzailea omenduko du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Ekitaldi hau bat dator bere izena daraman kalearen izendapenaren 70. urteurrenarekin, 1954ko uztailaren 18an izendatu baitzuten bere omenez, herriari egindako ekarpenagatik, bereziki kultur arloan.
Egunean zehar bi omenaldi-ekitaldi egingo dira. Goizean, 11:45ean, udal musika bandak emanaldia eskainiko du Zelaieta parkeko kioskoan, eta ondoren, kalejiran abiatuko da Nemesio Bikandi kaleraino. Bertan, omenaldia egingo zaio, herriari egindako ekarpena aitortzeko.
Arratsaldean, halaber, Nemesio Bikandiren lana eta dedikazioa balioan jartzeko ekitaldia jasoko du, 20:00etatik aurrera, Zornotza Aretoak. Omenaldi honetan parte hartuko dute, besteak beste, garai bateko udal bandako kideek. Bertan,”Antzinako oroitzapenak” izeneko kontzertua eskainiko da, Nemesio Bikandiren musika ondarea omentzeko.
Era berean, urteurren honen bueltan, Nemesio Bikandiri eskainitako erakusketa bat ere ikusgai dago Zelaieta Zentroan, azaroaren 10era arte. Erakusketak Bikandiren bizitza eta Amorebieta-Etxanoko musikaren historian izan duen eragina ezagutzeko aukera eskaintzen du.
EKARPEN GARRANTZITSUA
“Nemesio Bikandik ekarpen garrantzitsua egin zuen gure herriko kulturaren garapenean, eta bere ondarea gaur egun ere bizirik dago. Omenaldi honen bidez, gure udalerriko musika alorrean egindako lan nekaezina aitortu eta eskertu nahi dugu, eta aldi berean, etorkizuneko belaunaldientzat ireki zuen bidea eskertu ere. Ekarpen horiek gure herriaren kultur ondareari izugarrizko balioa gehitu diote, eta aitortza bat merezi dute.” nabarmendu du Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek.
Omenaldi hau, beraz, Bikandik egindako lan nekaezinaren aitortza da; bere bizitza musikari eta kulturari eskaini zion, Amorebieta-Etxanoko ondarea nabarmen aberastuz.
Una exposición rendirá homenaje a Nemesio Bikandi, exdirector de la banda de música zornotzarra