Osteguna,
2024ko Azaroak14

MugaKultura

loader-image
Durango
5:34 am,
temperature icon 6°C
Humidity 92 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Zaldialdia, Euskadiko zaldi sektorearen batasuna eta aberastasuna ikusarazteko lehen azoka, Amorebieta-Etxanon

Zaldialdia Euskadiko Zaldi Azokaren lehen edizioa egingo da datorren igandean, urriaren 27an, Amorebieta-Etxanon, hazten dabilen zaldi sektorea ezagutarazi eta bere garrantzia azpimarratzeko.

Azken hamarkadetan eratutako zaldi sektoreko Euskadiko elkarte eta federazioek ahalbidetu dute zenbait zaldi arraza, horien artean autoktonoak, berreskuratzea, zaintzea, sustatzea eta euren garrantzia azpimarratzea. Bada, aspaldiko asmoa gauzatze aldera, elkarte eta federazio horiek guztiak batu egin dira lehenengoz, Zaldialdia zaldi azoka antolatu eta sektorearen balio eta aniztasuna bultzatu eta plazaratzeko. “Bakoitzak bere esparrutik, baina guztiok nahi dugu euskal arrazak sustatu eta zaldien sektorea, oro har, indartu; elkarrekin lan eginda, sektoreari ikusgarritasuna eta hauspo handiagoa emango diogu”, azaldu du Osertz Lejarreta Zaldialdiko koordinatzaileak.

Guztira, 120 animalia baino gehiago egongo dira erakusgai, eta horietako asko salgai ere: haragirako zaldiak, erresistentzia eta jauzi lehiaketak irabazitako zaldiak, Pottokak, Enkarterrietako Astoak, Euskal Herriko Mendiko Zaldiak, etab.

Hiru gunetan banatuta

Eusko Jaurlaritzaren eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza bereziarekin, goiz osoko egitaraua prestatu dute, 9:00etan hasi eta 15:00rak arte. Azoka Jauregibarria parkean izango da, baina hiru gunetan banatuta egongo da, eta bakoitzak egitarau propioa izango du: lehenengo pistan, kiroleko zaldien balorazio morfofuntzionalak eta jauziak egongo dira; bigarrenean, Pottoka, Enkarterrietako Astoa eta Euskal Herriko Mendiko Zaldi arrazen ezaugarrien azalpenak eta Pottoken erresistentzia eta oztopo jauziak; eta pistaz kanpo, besteak beste, zaldien erakusketa eta salmenta, bertako produktuen azoka (0 KM), moxal okelaren dastatzea eta umeentzako tailerrak eta ibilalditxoak Enkarterrietako Astoen eta Pottoken gainean.

Lejarretaren hitzetan, gelditzeko etorri da Zaldialdia: “Orain arte Euskadin ezagutu ez dugun azoka berri bat da Zaldialdia, gelditzeko etorri dena. Izan ere, publiko guztientzako azoka da, izan lehen sektoreko profesional eta zaleak zein sektorea ezagutzen ez duten herritarrak”. Eta gogorarazi du, Amorebieta-Etxanora gerturatu ezin duenak aukera izango duela azoka streaming bidez jarraitzeko zaldialdia.eus webgunean.

Hazten doan sektorea

Jorge Garbizu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak azpimarratu du gauzak ondo egiten ari den sektorea dela zaldiarena: “Sektorea gogor ari da lanean Euskadin Euskal Herriko Mendiko Zaldia, Enkarterrietako Astoa eta Pottoka bezalako arraza autoktonoak berreskuratzeko, eta, bestalde, hazten eta errentagarritasun onak lortzen ari da, esaterako, kirol zaldien arloan”.

Era berean, nabarmendu du abeltzaintza sektorea dibertsifikatzeko aukera bat dela honakoa, lehen sektorean diharduten edo interesa duten beste eragile edo norbanako batzuek “oso kontuan hartu beharrekoa”.

Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek, bere aldetik, aitortu du “gogoz” hartu dutela Zaldialdia udalerrian antolatzeko erronka, bere esanetan, sektore honek eragin ekonomiko positiboa izateaz gain, “naturarekiko eta tradizioekiko lotura indartzen” duelako: “Gero eta pertsona eta erakunde gehiago ari dira lanean gure historiaren eta ondarearen parte diren arraza autoktonoak berreskuratzeko, eta Zaldialdia aukera paregabea da ondare horri balioa emateko eta espezie horiek gure eskualdeari ematen dioten aberastasuna erakusteko”.

Elkarte eta federazio antolatzaileak

Lau dira gaur egun Euskadiko zaldi sektorean lanean ari diren eta Zaldialdia antolatu duten elkarte eta federazioak:

-BCSH, Basque Country Sport Horse, elkartea raid/endurance disziplinarako eta jauzitarako zaldien hautaketa, ugalketa, hazkuntza, entrenamendua, balorazioa eta merkaturatzea sustatzeko sortu zen 2016. urtean Lezaman.

-EPOFE, Euskadiko Pottokazaleen Federazioa, 2004an osatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru elkarteak biltzeko. Egun, 112 abeltzain ordezkatzen ditu, une honetan desagertzeko zorian dagoen Pottoka arraza zaintzen eta bultzatzen dutenak.

-EHMEZAFE Euskal Herriko Mendiko Zaldi arrazaren Federazioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 313 bazkide biltzen ditu. 2014az geroztik ari da arraza mantentzeko lanean.

-ENAFE Enkarterrietako Asto Hazleen Federazioak hiru lurraldeetako asto hazleen 67 ustiaketa biltzen ditu, eta 2014. urteaz geroztik lanean dihardu arraza zaindu eta astoaren hobekuntza genetikoa lantzeko.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu