Iurretan euskara indarberritzeko AROA plana martxan jarri du Udalak
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Iurretako Udalak euskara indarberritzeko AROA plana abiatzera doa. Hala, datozen bost urteetarako bide-orria diseinatu nahi du herritarrekin zein eragileekin elkarlanean, herrian euskararen komunitatea indartzeko asmoz.
Abiapuntu gisa, Iurretan euskararen egoera zein den aztertuko du Udalak eta horretarako herritar zein eragileengana joko du. Hala, irailean galdetegi bat zabalduko du euskarekiko jarrerak, motibazioak, erabilera eta elkarreraginari buruzko informazioa biltzeko asmoz.
Behin diagnostikoa osatuta, hiru saio antolatuko ditu AROA plana herritarrekin zein eragileekin elkarlanean diseinatzeko: Bi orduko saioak izango dira, asteazken arratsaldez.
Saioetan parte hartu nahi duten herritarrek edo taldeek galdetegian bertan aurkituko dute izena emateko aukera. Azkenik, Alkateak herritar zein eragile guztiei parte hartzera dei egin nahi izan die: “Euskaraz bizi direnei, euskara ezagutzen dutenei zein euskarara hurbiltzeko daudenei parte hartzera dei egiten diegu, guztiok garelako beharrezkoak euskararen komunitatea sendotzeko”.