‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren nazioarteko jaialdiaren edizio berriak Abadiño zapalduko du urriaren 4an eta 11n
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Badator Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat, eta geltokietako bat Abadiño izango da. Jaialdi honek, sendatzeko eta eraldatzeko zinema bat zabaltzen du. Bere ibilbidean gizaki gisa aurkezten zaizkigun zenbait erronka ezagutzen eta horiei aurre egiten lagun dezaketen istorio asko bildu ditu. 2009az geroztik, fikzioa, dokumentala eta animazioa, elkarrizketa-espazioak sustatzearekin batera, hiritar etiko eta arduratsuak sortzen laguntzeko tresnak erabili ditu.
Urriaren 4an eta 11n izango dira proiekzioak, denak Errota Kultur Etxean. Ikusentzunezko hauek izango dira ikusgai Errotako areto nagusian: Write my name, Zaintzen duten emakume baserritarrak, La culpable, Puzzleak, Will My Parents Come to See Me, Retour au Cinéma Vox, Europa, Eskuen soinua eta Mother Suriname. Lehen seiak ostiral honetan ikusi ahal izango dira; gainontzeko hirurak, berriz, datorren asteko proiekzioetan. 19 :00etan hasiko dira bi emanaldiak.
Abadiño, konprometituta
Monika Iglesias Kultura zinegotziak adierazi duenez, “Abadiño, herri bezala, gai sozialekin konprometituta dago. Urte osoan zehar hitzaldi eta emanaldi interesgarri asko izaten ditugu, eta plazera da Zinema Ikusezinaren emanaldiak bertan jasotzea. Garrantzitsua baita errealitate guztiek, are garrantzitsuago ikusezin zaizkigunek, beraien fokoa edukitzea eta jendearengana hurbiltzea”.