GEREDIAGA: «Zazpi ibilbide proposatzen ditugu Durangaldeko historian eta kulturan murgiltzeko»
GEREDIAGA ELKARTEA
“Bide, sare eta loturen ondarea” erakutsiko dugu Europako Ondare Jardunaldietan. Hori da edizio honetarako aukeratutako leloa. Bizkaia osoan izango dira ekitaldiak eta beste urte batez, Gerediaga Elkartetik, Durangaldeko hainbat udalerritako bisitak diseinatu eta koordinatu ditugu, udalen elkarlanarekin. Urriaren 6tik 27ra, zazpi ibilbide izango dira guztira. Durangaldeko zortzi herritako historian sakontzea proposatzen dugu: Berriz, Abadiño, Garai, Mallabia, Otxandio, Mañaria, Iurreta eta Zaldibar. Proposamen guztiak euskaraz izango dira aurten, eta gehienak oinez egiteko ibilbideak dira. Baina hiru hitzordutan autobusa izango da partaideentzat, oinez egiteko distantzia luzea aurreikusten delako.
Partehartzea doakoa da guztietan, eta eta izena emateak ondareabizkaia.euswebgunetik bideratuko dira.
Urriak 6, Berriz
Arkitekturaren hari-muturrak
San Joan Ebanjelariaren Eliza eta Durangaldeko arte-fluxua ezagutzeko bi orduko bisita proposatzen dugu. XVI. Mendean hasi eta gaur egunera arteko ibilbide kronologikoa egingo du bisitariak, garaian Europan puntakoak ziren tendentzia artistikoak nola heldu ziren ulertzeko. Goizez izango da bisita, 11:00etan hasita.
Urriak 12, Garai eta Abadiño
Merioaren ibilbidea
Egun osoko bisita da eta autobusez egitea da asmoa. Bisitariak, baina, eguerdirako bere jan-edana ekarri beharko du. Durangaldeak Bizkaiarekiko izan duen gizarte eta politika-antolamendu berezia ezagutzeko balio dau ibilaldiak. Eskualdean izan diran landa eta hiri-ezarkuntza mota desberdinak ere berbagai izango dira. Gerediagako batzar etxea eta Astolako auzitegi etxeko kartzela barrutik ikusi ahal izango dira. Goizeko 10:30etik 18:00etara aurreikusi dugu bisita. Bizkaiko Batzar Nagusien babesa jaso du bisita honek.
Urriak 19, Mallabia
Andabidea zordanbidea
Goizeko 10:00etan hasita lau orduko ibilbidea proposatzen dugu Mallabian, oraindik herri eta auzoetan kontserbatzen den hileta-ondarearen erakusgarri. Tartean, Oizko estazio megalitikoa ere bisitatuko dugu. Horretarako, autobusean igoko gara bertara.
Urriak 19, Otxandio
Bidea, muga eta uria
Arratsaldeko 17:00etan hasita, Otxandioren kokapenari erreparatu eta bideak uriaren garapenean izan duen garrantzia ezagutzeko ibilbidea egingo dugu. San Roke ermitan bisita hasi eta herria lekurik historiko eta garrantzitsuenetatik zeharkatuko dugu.
Urriak 20, Mañaria
Harrobiak, bidea eta bentak
Goizez izango da ibilbidea, 10:30ean hasita. Mañariko Arrueta auzoa ezagutzeko bisita izango da. Auzoko baserriak, Zallobenta eta Askondo harrobiak, Urkuletako zentrala eta garai baten benta izan zen Kaltzada baserrira gerturatuko gara.
Urriak 26, Iurreta
Goiuria oinez
Durangaldeko balkoietako bat da Iurretako Goiuria auzoa. Garai oso zaharretan, kostalderako bidea bertatik pasatzen zen. Landa eremuko arkitektura esanguratsuekin batera, Goiuriako ermitaren sorrera eta inguruko harrobiak goizeko ibilalditxo atseginean ezagutzeko aukera egongo da. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita.
Urriak 27, Zaldibar
Eitzaga, Zaldibarko ekialdi urruna
Zaldibarko herrigunetik Olaerregarainoko bidaia proposatzen dugu bisita honetan. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko muga ere bada auzoa, eta giza jarduerak aldaketa handiak eragin ditu. Zazpi kilometro inguruko bidaia proposatzen dugu, hiru ordutan eta zati batzuk autobusean eginda. Goizez izango da bisita, 10:30ean hasita.