Euskara ikasteko aukera anitz Amorebieta-Etxanon
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Amorebieta-Etxanon euskara sustatzen eta biziberritzen jarraitzeko bidean, ikasturte berriari helduta, gure hizkuntzan murgildu nahi duen orok aukera anitz izango ditu herrian bertan. Izan ere, zabalik dago jada Zornotza Udal Euskaltegian izena emateko epea eta horrekin batera, Amorebieta-Etxanoko Udalak ere, urtero egiten duen moduan, euskara hobetu eta praktikatzeko ikastaroak eskainiko ditu.
Behar guztietara egokitutako ikastaroak Zornotza Udal Euskaltegian
Irailarekin batera, Zornotza Udal Euskaltegiak zabaldu du 2024-2025 ikasturtean izena emateko epea, beraz, zornotzarrek zein inguruko herrietako biztanleek egin dezakete matrikula udal-euskaltegian.
Euskaraz hartu hitza! lelopean, eskaintza zabala prestatu du euskaltegiak ikasturte honetarako ere: maila guztietan izango dira eskolak, A0 mailatik C1 mailara, hainbat eredutan (taldeko irakaskuntza, autoikaskuntza, udako ikastaro trinkoa, iraileko ikastaroak…). Horrez gain, ikastaro bereziak ere izango dira, Aisa (euskara etorkinentzat), Guraso (euskara gurasoentzat) eta Nagusi (euskara nagusientzat), alegia. Goizez zein arratsaldez izango dira eskolak, herritarrek ahalik eta erraztasun handienak izan ditzaten euskaltegira joateko.
Ildo beretik, euskara ikasi nahi dutenei erraztasunak eskaintze aldera, dirulaguntzak ere eskaniko dira. Hala, A1etik C1 maila bitarte, udalerrian urtebetez erroldatuta dauden pertsona langabeek, adibidez, 10€ko matrikula ordainduko dute. Era berean, A0 mailan hasten direnek, ikastaroaren aprobetxamenduaren eta asistentziaren arabera HABEren laguntza eskuratu ahal izango dute, C1 maila lortu nahi duten 16-18 urte bitarteko gaztetxoekin batera.
Aurre-matrikulazio epea zabalik dago irailaren 20a bitarte, Zornotza Udal Euskaltegian bertan. Matrikula
formalizatzeko irailaren 26an edo 27an joan beharko da Euskaltegira.
Euskara hobetu eta praktikatzeko ikastaroak
Hizkuntzaren ikasketei lotuta, beste urte batez, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskara hobetu eta praktikatzeko ikastaroak eskainiko ditu, osagarri modura.
Hala, urtero legez, euskara praktikatzeko berba taldeak antolatu dira, euskaraz hitz egin eta lagun euskaldunak egiteko aukera eskainiz. Horrekin batera, hitano ikastaroek ere jarraipena izango dute aurten. Kasu honetan, Bizkaiko hitanora hurbiltzeko 8 saioko ikastaroa eskainiko da, bizkaiera dakiten pertsonei zuzenduta, urriaren bigarren hamabostalditik aurrera. Saioak bi ordukoak izango dira eta bi asterik behin eskainiko dira. Horrez gain, hitano-poteoari ere helduko zaio berriro. Horren bitartez, hitanoa jakin badakitenek, praktikatzen jarraitzeko, herriko tabernetan elkartu eta lagunartean hitanoan aritzeko aukera izango dute bi asterik behin.
Iaz martxan jarritako Kantakatilu egitasmoak ere jarraipena izango du aurten. Ekimen honen baitan, paerte-hartzaileek euskal kanten bitartez praktikatzen dute euskara, eta joan den ikasturtean izandako harrera onari erreparatuz, aurten ere kantuan eta euskaraz aritzeko aukera izango dute zornotzarrek. Hilean behin, ostegunez, izango dira saioak, eta, gero, kantu-poteoan jarraitzeko aukera izango du nahi duenak. Saio hauetan parte hartzeko euskaraz aritzea (oinarrizko maila batekin bada ere) ezinbestekoa izango da.
Amaitzeko, euskaldun berriei eta alfabetatu gabeko euskaldunei zuzendutako bizkaiera ikastaroa ere eskainiko du Udalak. Bizkaiko euskarara hurbiltzeko bi orduko 7 saioz osatutako ikastaroa izango da, eta parte hartzeko euskaraz ondo hitz egiten jakitea beharrezkoa izango da.
Ikastaro hauetan izena emateko Udalaren webgunearen bidez egin beharko da irailaren 30a baino lehen.
Edozein zalantza edo argibide behar izanez gero, interesdunek Udaleko Euskara Zerbitzura jo dezakete: euskara@amorebieta.eus / 94 603 00 02.