Elorrioko Udalak Ferixa Nausikoen balorazio «oso positiboa» egin du
Testua · Elorrioko Udala
Euripean ekin zuten Ferixa Nausikoek txupinazo egunean, zapatuan, baina CD Elorriokoak arduratu ziren euren pozarekin plaza argitzen. Ferixak ere giro ezin-hobeaz jantzi zuen kalea domekan: 100 behi eta txahal, 30 zaldi eta asto, 90 ardi eta ahuntz, 42 ekoizle eta 20 artisau, txalotzeko moduko kopuruak; eta jendearen erantzuna, tamainakoa.
Koadrilek ere protagonismo handia izan dute beste behin. Asteleheneko bazkarian umorea eta giro ona nagusi, 27 lagun talde jolasetan lehiakide, hurrengo zapatuko karroza jaitsieran beste 30 talde… Pozarren esan dezake Udalak erreleboa bermatuta dagoela, nabarmentzekoa izan baita gazteen parte-hartze handia.
Bigarren asteburuko programatik aipamen berezia egin nahi dio Udalak Kainabera elkarte solidarioak antolatutako “Elorrioko kolore eta zaporeak” otorduari, kultura ezberdinen arteko topaketa goxoa izanik.
Garrantzitsua da, halaber, eraso sexistarik, transfoborik, homofoborik eta arrazistarik ez gertatzea.
Konpromiso bat
Horiek esanda, hobetzeko tartea ere badagoela ezin uka. Besteak beste, hondakinen eta zikinkeriaren kudeaketa hobetu dezakegu, baita gaueko garraio publikoarekin sortzen den arazoa ere: jende-pilaketek zarata handia eta onartezinak diren jarrerak eragin dute. Datorren urtera begira Udalak konpromisoa hartu du Aldundiari autobus zerbitzua hobetzeko eskatzeko, autobus gehiago egon daitezen joan-etorrietan.
Jaiekin batera uda joan da, eta kurtso berriari ekiteko garaia iritsi da, begirada datorren urteko jaietan jarrita baita ere. Udalak 2025eko Ferixa Nausikoen antolaketan parte hartzeko deia egin die herritarrei, jai batzordean parte hartuz. Herritar eta gizarte-eragile guztien ekarpenak garrantzitsuak dira guztiontzako jaiak izateko. Batzorde honen lanaren hasiera datorren urteko udaberrian jakinaraziko da.
Eskerrik asko elorriar guztioi, Ferixa Nausikoak zuek egiten dituzue!