Berrizek frankismoaren biktimak gogoratuko ditu asteazkenean
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Udalak eta Berrizko Memoria eta Giza Eskubideen Taldeak frankismoaren biktima guztiak oroitzeko programazio bereziaren berri eman dute. Horrela, datorren irailaren 11an Felipe Urtiaga plazan, frankismoaren biktimei oroimen ekitaldia izango da, fusilamenduen 87. urteurrenean.
Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da dantzariekin eta udal ordezkarien hitzekin. Jarraian poesia errezitaldia izango da Miren Amurizaren eskutik eta ohiko lore eskaintza egingo da. Programazio bereziak Kultur Etxean jarraituko du Zinema, Memoria eta Giza Eskubideen Bigarren Zikloaren inaugurazio saioarekin. Bertan, Txelu Angoitia durangarraren Trenak ekarritakoak (2023) dokumentala proiektatuko da, 60-70eko hamarkadetako emigrazio prozesua ardatz duen lana. Emanaldiaren ondoren solasaldi txiki bat izango da eta errealizadoreak berak parte hartuko du.
Dokumental zikloak jarraipena izango du hurrengo egunetan Kultur Etxean eta, horrela, ostegunean, hilak 12, arratsaldeko 18:30ean, Irati Gorostidik zuzendutako Contadores (2023) doku-drama proiektatuko da. Film labur honetan metalaren hitzarmen berri bat adosten ari den Donostiako Contadores Industrias Españolas langile talde baten kontakizuna antzezten da eta, beraz, aukera ona izango da gertuko borroka sindikala ezagutzeko.
LAN-GREBA
Zehazki, Berrizen, 1974an, Inder lantegiko biharginek lan-greba mugagabea hasi zuten soldata igoera eza eta despidoak eraginda. Herrirako eta langile haientzako ondorio handiak izan zituen erabakia izan zen eta filmaren proiekzioaren ondoren, greba hartan parte hartu zuten hiru protagonistak kontakizun zuzena egingo dute.
Azkenik, irailaren 13an, ostirala, 18:30ean, beste bi dokumental proiektatuko dira. Carles Bover eta Julio Pérez-en Gaza (2018), 2019ko Goya sarietako dokumental labur onenarekin saritua, eta Armelle Loiseau eta Agnes Varraine-Leca zuzendarien Gaza, jóvenes bajo la ocupación (2022).