Haur eta gazteei zuzendutako jarduera gehiago aurtengo Amorebieta-Etxanoko jaietan
KULTURA AMOREBIETA-ETXANO
Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko talde eta eragileekin elkarlanean antolatutako jai-egitarau zabala aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Aurkezpenean izan dira, Ainhoa Salterain alkatea, Koldo Bilbao kultura zinegotzia eta Larrea Eskolako Leire Aldazabal ordezkaria.
Uztailaren 15etik 27ra Amorebieta-Etxano herriko jaietan murgilduko da. Beste urte batez, zornotzarrek zein bisitariek jai-programazio zabalaz gozatu ahal izango dute, adin eta gustu guztietarako egitaraua osatu delako kultur, kirol eta jai jarduera anitz barnebilduz: musika, kirola, ekitaldi herrikoiak eta haur eta gazteentzako jarduerak, besteak beste.
Ainhoa Salterain alkateak, lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie egitarauaren antolakuntzan parte hartu duten pertsona, talde eta eragile guztiei, udal teknikari, merkatari, ostalari, kultur eta kirol elkarteei: «Zuen lanik gabe ezinezkoa litzateke jaiak ospatzea; batzuetan ikusten ez den lan eskerga, baina ezinbestekoa dena guztiok gure jai preziatuenez gozatu dezagun. Jai partehartzaileak, inklusiboak eta irekiak, zornotzarrekin eta zornotzarrentzat antolatutako jaiak.Programazio zabala haur, gazte, heldu eta adineko pertsonen gozamenerako. Guztiok baitugu gure tokia herriko jaietan” adierazi du alkateak.
Tradizioa eta berrikuntza, kultur programazio garrantsitzuarekin
Jaiak uztailaren 15ean hasiko dira, arratsaldeko 20:00etan, txupinazoarekin eta pregoiarekin. Aurtengo txupinazoa eta pregoia Larrea Eskolak emango du, ikastetxearen 50. urteurrena dela eta. “Berrogeita hamar urte ez dira egunero betetzen, eta, beraz, pregoia eskolaren esku utzi da, egindako lanaren eta ikastetxean udalerrian izan duen hezkuntza ibilbidearen aitortza gisa” adierazi du Koldo Bilbaok.
Aurtengo programazioak tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu, Bilbaok azaldu duenez. Jaietan tradizio bihurtu diren jarduerak mantendu egingo dira, hala nola helduen eta haurren danborrada, marmitako lehiaketa edo aitite eta amamen eguna.
Aurten ere kontzertuek eta kultur jarduerek pisu handia izango dute jaietako egitarauan, guztira 23 kontzertu eskainiko dira, besteak beste, Gatibu, Esne Beltza, Izaro, Kaotiko, Mikel Urdangarin, En Esenzia, Benetan Be, Süne, Tanxugueiras edo Nía Caro eta Nils Van Zandt DJak.Horiei Megastar FM irratiaren eskutik bereziki gazteei zuzendutako kontzertu ugari gehituko zaizkie.
“Aurtengo kontzertuen egitaraua herritarrekin elkarlanean osatu da, joan den urtearen amaieran galdetegi bat jarri genuen herritarren eskura jaietako kontzertuetarako proposamenak eta iradokizunak jasotzeko, biztanle guztien
interesak eta gustuak islatuko zituen jai-programa bat diseinatzeko helburuarekin. Hortaz, herritarren proposamenei erantzunez, osatu da egitaraua eta hainbat musika estilotako kontzertuak izango ditugu aurten” adierazi du Bilbaok.
Herri eta kirol jarduerak ere ez dira faltako, hala nola aizkolarien txapelketa, harri-jasotzaileena, pilota partida profesionalak edo Zornotzagoleko txapelketa mistoa.
Aurtengo berrikuntza nagusiak
Aurtengo berrikuntza nagusiei dagokienez, Koldo Bilbaok adierazi du, arreta berezia jarri dutela haur eta gazteentzako programazioan; haurrentzako parkeez eta gazteen kalejira eta gynkanaz harago, lehen aldiz eskainiko da haurrentzako kontzertu bat, Benetan Be taldearen» Batetik bestera» kontzertua, Zelaieta parkean, Txikitxef edo perkusio tailerrak eta Xaibor-en emanaldia ere izango dira, eta lehen aldiz 14 eta 16 urtez azpiko skate txapelketa ere egingo da, zuzeneko musikarekin, hastapen eskolekin eta tailerrekin. Era berean, «Hitanoa ikasteko tailerra» ere eskainiko da eta motorren topaketa ere antolatu da.
Eraso matxistarik gabeko jaiak
Azkenik, Ainhoa Salterain alkateak elkarbitizan, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jaien alde egin du, eraso matxistarik eta inolako erasorik gabeko jaiak izan daitezen aurtengoan. Alkateak argi eta garbi esan du: «ez dugu eraso matxistarik onartuko, erasorik gabeko jaiak nahi ditugulako emakumeak libre eta seguru senti gaitezen nahi dugulako, espazio publikoa ere gurea delako, eta jaiak ere gureak direlako”.
Zentzu horretan, Salterainek azaldu du Zelaietan eta Zubiondon Gune Morea jarriko dela, 21:30etik 4:30era, 15, 19, 20, 24, 25, 26 eta 27an. Gune hau informaziorako, harrerarako eta aholkularitzarako gune bat da, emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzeko.
Halaber, 747 485 126 telefono-zenbakia eskuragarri egongo da hilaren 14, 15, 19, 20, 24, 25, 26, 27an, 24 orduz. Telefono honen bidez, edozein intentsitateko eraso matxistaren biktima diren pertsonek deitu ahal izango dute, eta larrialdietan esku hartu, informatu eta aholkatuko da. Lehen aipatutako zenbakiez gain, Salterainek gogorarazi du Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Larrialdietako Zerbitzuen telefono orokorrak eta SATEVIren 900 840 111 zenbakia, Eusko Jaurlaritzaren telefono bidezko arreta, herritarren eskura daudela 24 orduz, urteko egun guztietan.