Elorrioko Berrio Otxoa eguna ospatuko da ostegun honetan
KULTURA ELORRIO
Uztailak 4 guztietan bezala, elorriarrek Berrio Otxoa gogoratuko dute. Txistularien kalejirarekin hasiko da eguna, 10:00etatik aurrera, erdigunean. 12:00etan, meza nagusia egongo da, Basilikako koruaren emanaldiak lagunduta. Ondoren, 13:00etan hamaiketakoa egingo da, urtero legez, kalean. Eta eguna bukatzeko, 20:00etan, Berrio-Otxoa abesbatzak kantaldia eskainiko du Santa Anako kaperan.
Asteburura begira, zapatu eta domekan, egun osoan zehar, eskuzko, palazko eta frontenis txapelketetako finalak jokatuko dira plazako frontoian, Hori-Hori pilota klubaren eskutik. Domeka goizean ere beste ekitaldi bat egongo da, Elorrixa Ekologia Taldeak antolatutako azoka ekologikoa. Nizeto Urkizu aparkalekuko postuetan eskuratu ahalko dira zero kilometroko jaki eta bestelakoak.