Iratiri eskolan burla egiten diotela eta oso triste dagoela da Amaia Trejoren eta Iker Mugarraren liburuaren ardatza
MUGA DURANGO
Itsaso bete malko izenburua du Amaia Trejo Aldekoa durangarrak idatzi eta Iker Mugarra San Martin trapagarandarrak ilustratu duen album ilustratuak. Irati izeneko neskatila bat du protagonista ipuinak. Iratiri eskolan burla egiten diote eta oso triste dago. Amama, bere aldarteaz jabetuta, laguntzen saiatzen da.
Pertsonaia nagusiak andrazko bi dituen ipuinak egoera gogorrei aurre egiteko bidea aurkezten digu, hausnarketaren bidez. Enpatia, maitasuna eta norbere buruarengan konfiantza ditu ardatz. Haurrei zuzendudako ipuina bada ere, gazte eta helduak ere ez ditu hotz uzten.
Amaia Trejo Aldekoa Haur eta Lehen Hezkuntzako maistra da eta umetatik izan ditu gustuko bai idaztea baita sorkuntza lanetan aritzea ere. Iker Mugarra San Martin, aldiz, diseñu grafikoko irakaslea da eta bere lana pinturarekin eta, batzuetan, eskultura-proiektuekin uztartzen jarraitzen du.
1545 argitaletxea
Proiektua kaleratzeko prozesuan Durangoko Arteka liburudendaren bitartekaritza eta Oiartzungo 1545 argitaletxearen konfiantzarekin sano eskertuta daude.
Ipuina erosi nahi duenak 1545 argitaletxearen webgunean zein Karrikirin dauka eskuragarri momentuz. Laster liburu dendetan erosteko aukera ere izango da.