Astelehena,
2024ko Ekainak17

MugaKultura

loader-image
Durango
4:54 pm,
temperature icon 29°C
Humidity 43 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

Durangoko Kurutziaga ikastolak jantoki eko-arduratsuaren ziurtagiria jaso du

KURUTZIAGA IKASTOLA

Kurutziaga ikastolak Jantoki Eko-Arduratsuaren ziurtagiria jaso dugu, Ausolanekin batera Bureau Veritasen eskutik. Horrela, ikastolak elikadura osasuntsuaz haratago, eguerdietako tartean martxan jarritako proiektu integrala saritu dute. Ikastolako sukaldean prestatutako janaria, zero kilometroa, sasoiko produktuen kontsumoa, inguruko baserritarrekin elkarlana, naturarekin lotutako jolastoki zabala, aisialdia eta elkarbizitza batzen ditu egitasmoak.

KURUTZIAGA IKASTOLA.

Orain hamar urte jantoki ereduaren inguruko aldaketa planteatu genuen Kurutziagan, guraso talde batekin hausnarketa sakona eginez. “Apustu bat egin genuen bertoko eta sasoiko produktuak ikastetxeko menuan gehitzeko. Prozesuaren abiapuntuan, bazkari osasungarriagoa eta inguruko baserritarren produktuak kontsumitzea izan zen helburua. Ildo honetatik, produktu hauen gehikuntza eta hobekuntzak txertatzen joan gara urteetan zehar. Eta produktuak aipatzen ditugun heinean, sortzen den zaborra ere jasangarritasunaren irizpide berberekin kudeatzen da”, azaldu du Urko Rodriguez Kurutziagako zuzendariak. Horren adibide dira ikastolako jantokian kontsumitzen diren hainbat produktu, ogi integrala eta oliba-olio birjina, esaterako. Era berean, hamabostean behin jantokian menu begetarianoa prestatzen dugu. Azpimarratzekoa da Durangoko ikastolan egunean 800 menu baino gehiago prestatzen ditugula.

Hobekuntzara begirako gogoeta prozesua abian

Hobekuntza hauekin batera, garai hartan jantoki zerbitzua osatze aldera ikastolak eskaintzen zituen jardueren inguruko lanketa bat egiteko beharrizana ikusi genuen, ikasleen ongizate, elkarbizitza eta bazkalosteko aisialdia hobetze aldera.

Nondik nora hasi ginen:

➼ Irakasleon ardura eta kezketatik. Denbora tarte luze horretan zaintza soila gainditu eta proposamen berri baten beharra, bazkalostean jolas eta atseden uneetan harremanetan gertatzen ziren elkarbizitza arazo anitzen kudeaketatik eta eguerdiko aisia euskararen arnasgune izatearen beharretik.

➼ Sasoi hartan zenbait tailer antolatzen ziren, baina ordainduz eta ikasle kopuru txiki bati erantzunez.

➼ Familien kezketatik. Ikasturte desberdinetan zehar ikastolako bilgune desberdinetan (artezkaritza, batzar orokor, zein mailako bileretan, …) beraien iritzi eta ekarpenak helaraziz.

Egoera honi irtenbide bat bilatu nahian, 2016/17 ikasturtean talde eragilea sortu eta hausnarketa prozesuari eman genion hasiera. Lantaldea esparru desberdinetako profesionalek osatu zuten.

Bazkaloste proiektua eta kanpo espazio berria

Kurutziaga ikastolan ikasleen AISIA, gelako ekintzetatik kanpo ikasleek elkarrekin gozatuz garatzen dituzten lagun arteko bizipen eta une legez ulertzen dugu. Hain zuzen, jolastordu, bazkaloste zein eskolaz kanpoko denbora tarteek osatzen dutena. Bazkalostea horietako unea dugu. Izaera hezigarria duen aisialdi tarte eta gune askea. Jarduera zuzendu zein libreak tartekatuz jantokian bazkaltzen duten ikasleen interesei begira antolatzen diren ekintza ludikoen multzoa da eta etapa guztietako ikasleen ongizate eta errespetuzko elkarbizitza bermatzea helburu duena. Jantokiko zerbitzu kuotaren baitan kokatzen da kostu gehigarririk gabe, berdinen arteko desberdintasunak gaindituz.

Prozesu horretan zehar beste aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen ikastolan: jolas lekuaren espazioaren birplanteamendua, momentu horretan aukera anitzak eta askoz ere aberatsagoak garatzeko aukera eskaintzen zuena. Lehenengo zeregina ikasleekin lanketa gauzatzea izan zen. Galdeketa bidez beraien interes eta nahien inguruko informazioa jaso genuen HH, LH eta DBHn eta iritzi horietatik eta irakasleen gogoetatik diseinatu genuen gune desberdinetan antolatu eta izaera desberdina zuen aisialdi eredu berria (kirola, sormena, jolas kooperatiboa,…).

Horrela, elikaduraren eta jasangarritasunaren arloez gainera, zaintza, elkarbizitza eta aisialdia elementu garrantzitsu moduan proiektura batu genituen. Hau guztia kontuan hartuta erabaki estrategikoak hartu genituen. Batetik, eguerdiko tartea atsedengune bat izatea. Bestetik, eskolaz kanpoko jardunak ikastolatik kanpo kokatzea berdinen arteko ezberdintasunik gertatu ez dadin.

Kurutziagarentzat sari hau azken urteetan ikastetxeak egindako ahaleginaren emaitza da. “Urteak daramatzagu proiektu integral hau lantzen, eta bidean ziurtagiri hau jasotzea pozgarria da denontzat”, gaineratu du Rodriguezek.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu