Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
5:12 am,
temperature icon 18°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Enrike Renteria XXVI. pintura lehiaketa ospatuko du aurten Amorebietak bi modalitatean

Enrike Renteria pintura-lehiaketaren hogeita seigarren edizioa jasoko du aurten Amorebieta-Etxanok. Sociedad Artístico Cultural Zornozak, Udalaren babesarekin antolatuta, izen bereko artista zornotzarra omentzen duen lehiaketa da hau. Enrike Renteria artista 1900ean jaio zen, Larrean, eta bizitza osoa egin zuen pintura eta artelanen bueltan, pasio handiz lanean.


Ohiko moduan, lehiaketak bi modalitate izango ditu aurten ere: tradizionala, uztailaren 7an aire librean egingo dena eta “Zintzilik” modalitatea, olana gainean egindako artelanak sarituko dituena.

Modalitate tradizionala

Aire libreko pinturaren lehiaketa uztailaren 7an izango da, Amorebieta-Etxanoko hiri-ingurunean, aldez aurretik mugatutako eremu baten barruan, eta bertan dagoen edozein elementu margotu ahal izango da.

Lehiakide bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du, sinadurarik gabe, baina oihal edo euskarri bat baino gehiago eraman ahal izango du segurtasunagatik. Modalitate honetarako izen-ematea lehiaketaren egun berean egingo da, 09:00etatik 11:00etara Zelaieta Zentroko harreran edo saczornoza@gmail.com helbidera idatziz. Oihalen edo euskarrien zigilatzea ere egun horretan bertan egingo da.

Era berean, obrak egunean bertan, 16:00etatik 17:00etara jasoko dira Zelaieta Zentroan, eta 14 urtetik gorako parte-hartzaileek 15 euroko dieta jasoko dute obra entregatzeko unean.

Modalitate honetan 6 sari eskainiko dira, arte plastikoetan adituak diren pertsonez osatutako epaimahaiak erabakita. Sari horien baitan dago herriko obra onenari eta saritu gabeari emango zaiona ere eta sariak 500 euro eta 150 euro artekoak izango dira. Banaketa egun berean egingo da, uztailaren 7an, 18:00etan, Zelaieta Zentroko auditorioan. Saritutako lanak Zelaietako erakusketa-aretoan egongo dira ikusgai uztailean, eta SAC Zornozaren jabetzakoak izango dira. Lan horiek salgai egongo dira erakusketa burutzen den bitartean eta horien salmentatik jasotako dirua helburu sozial baterako izango da.

Saritu gabeko lanak lehiaketaren egun berean jaso beharko dira.

Zintzilik.

‘Zintzilik’ lehiaketa

Pintura lehiaketa honen bigarren modalitatea «Zintzilik» modalitatea da, eta honetan parte hartzeko izen ematea dagoeneko irekita dago. Hala, interesatuek Zelaieta Zentroko harreran (telefonoa: 94 630 06 50) eman dezakete jada izena. Kasu horretan, artistek 1,30 x 1,50 m-ko olana gainean egin beharko dituzte beren lanak. Artelana, eguraldiari aurre egiteko gai izango den materialarekin egin beharko da, izan ere, “Zintzilik” artelanak Amorebieta-Etxanoko hiriguneko balkoietan jarriko dira. Lehiaketa honetan parte hartzeko olanak Zelaieta Zentroan bertan eskuratu ahal izango dira. Euskarria bere kabuz lortuz gero, ezinbestekoa izango da olana horrek oinarrietan zehaztutako ezaugarriak betetzea, ondoren lan horiek herriko balkoietan ikusgai jarri ahal izateko.

Lanak entregatzeko azken eguna ekainaren 14a izango da, eta olanak biribilduta entregatu behar dira, tolestu gabe eta inskripzioaren egunean jasotako fitxa grapatuta. Era berean, parte-hartzaileek 20 euroko dieta jasoko dute obra entregatzen duten egunean.

Iaz bezala, lanen erakusketarako bi gune egokituko dira: lehiaketa gunea, batetik eta erakusketa gunea bestetik. Lehiaketa gunean ‘2024 Zintzilik’ lanak egongo dira ikusgai eta erakusketa gunean, aldiz, beste edizio batzuetako lanak.

Kasu honetan ere, olana saridunak adituez osatutako epaimahai bitartez erabakiko dira eta guztira 4 sari banatuko dira, publikoaren saria barne. Azken hau herritarren botoen bitartez erabakiko da. Horretarako hautestontzi bat jarriko da Zelaietan ekainaren 2tik 4ra bitartean (biak barne). Sariak, halaber, 500 eurotik 150 eurora bitartekoak izango dira.

Sari banaketa uztailaren 7an izango da, 18:00etan, Zelaieta Zentroan, eta lanak balkoietan erakutsiko dira uztailean zehar. Saritu gabekoak Zelaieta Zentroan jaso beharko dira irailaren 9tik 13ra bitartean eta jasotzen ez direnak erakunde antolatzailearenak izatera pasako dira.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu