Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
2:28 am,
temperature icon 19°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

3.500 dantzarik eta 70 dantza taldek hartuko dute parte igandean Amorebietako Bizkaiko Dantzari Egunean

Maiatzaren 19an, igandea, Amorebieta-Etxano Bizkaiko kultur gune nagusi bihurtuko da Bizkaiko Dantzari Egunaren ospakizunarekin. Jai honen 44. edizioa izango da aurtengoa eta 3.500 dantzari eta 70 dantza-talde bilduko ditu. Igandean, beraz, kultura eta tradizioak bat egingo dute beste behin ikusleen eta parte-hartzaileen gozamenerako.

Gaur goizean egindako agerraldian aurkeztu dituzte euskal dantzaren bueltan ospatuko den jai erraldoi honen xehetasunak. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusiak, Jose Mari Oyarzabal Bizkaiko Dantzari Biltzarreko Lehendakariak eta Udabarri Dantza Taldeko eta BBK-ko hainbat ordezkarik.

NORTASUNA

Hala, Amorebieta-Etxanoko alkateak Dantzari Egunaren garrantzia aipatu du, Bizkaiko kultur ondarearen adierazle bizi gisa. «Bizkaiko Dantzari Eguna, euskal dantzazaleak batzeko eguna izateaz gain, euskal izaerari, nortasunari eta ohiturei indarra, oihartzuna eta jarraipena emateko modua ere bada. Zentzu horretan, euskal dantza gure nortasunaren ikur garrantzitsua da eta horrelako ospakizunak ezinbestekoak dira nortasun hori zaindu eta mundura zabaltzeko. Horregatik guztiagatik, ohore bat da Amorebieta-Etxanorentzat halako ekitaldi handi bat jasotzea, aipatu guztiaz haratago, belaunaldien arteko zubi gisa ere balio duelako, egungo gazteak beren lurraldeko sustraiekin lotzeko, alegia, adierazi du.

Bestalde, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusiak nabarmendu duenez, «Bizkaiko Dantzarien Biltzarra dantza topaketa bat baino askoz gehiago da; Bizkaiko kultur aberastasunaren isla da. Urrats bakoitzetik musika nota bakoitzeraino, historia eta harrotasun tapiz bat ehuntzen ari gara, dantzan eta kulturan aberatsa den lurralde gisa lotzen gaituena».

Tradizioa ospatzeko eguna

Goizean goizetik, San Migel eta San Pedro kaleetan dantza erakustaldiak izango dira. Hala ere, jai giroan murgiltzen hasteko, larunbatean, maiatzak 18, Aiko taldeak erromeria eskainiko du, 13:15etan Zelaieta Parkean. Igandean, halaber, 10:45ean hasiko da jaia, kalejira batekin. Kalejira aipatu kaleetan amaituko da, eta, 11:30etik aurrera, Bizkaiko udalerri guztietatik etorritako dantzariek musika herrikoiaren erritmora dantzatuko dute. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, Luhartz taldeak erromeria eskainiko du Zelaieta Parkean, festa amaiera gisa.

Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lehendakariak esan bezala, “egun hau dantzarien urteko jai nagusia da, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federatutako dantza taldeen topaketa eta bilerarako gunea. Gutxi gorabehera, 80 taldek parte hartzen dute, eta hauek aurrez prestatutako dantzen egitaraua eskaintzea dute helburu. Egitarau hori talde guztiek urtean zehar egiten duten prestaketa eta lanaren isla dira”

Oyarzabalek azpimarratu du asko direla entseguak eta prestaketa zein dantzen errepertorioaren ikasketa egunak, “guztia, Dantzari Egunean ezohiko neurriak dituen agertoki batean (futbol-zelaia) elkarrekin dantzatu eta guztia ahalik eta hobekien atera dadin. Eta horretarako egiten duten ahalegina partaideek, haur, gazte zein helduek, egunean bertan erakusten duten gogo eta ilusioan islatzen dira. Gainera, norbanako zein talde bakoitzaren prestaketa eta kalitate maila agerian geratzen dira, kalitate handiko momentu bikainez gozatzeko aukera eskaintzen digutelako”.

Amaitzeko, Ainhoa Salterainek eskerrak eman dizkie pertsona zein erakunde parte-hartzaile eta antolatzaileei eta, bereziki, bolondres lanetan arituko diren pertsona guztiei, ekitaldi bikain hau posible egiteagatik.


Trafiko aldaketak Dantzari Eguna dela eta

Bizkaiko Dantzari Egunaren ospakizunak trafiko etenak eragingo ditu asteburuan zehar. Lehenik eta behin, maiatzaren 18ko 22:00etatik 19ko 16:00etara, debekatuta egongo da San Migel kalean (1-15 eta 2-22 zenbakien artean) eta Gregorio Mendibil kaleko 2. zenbakian aparkatzea.

Bestalde, hilaren 19an Ogenabekoa eta Arrieta kaleak trafikoari itxita egongo dira, 10:00etatik 11:00etara, eta San Migel, San Pedro, Txiki Otegi eta Urbano Larruzea kaleetan (garajeak izan ezik) ere itxita egongo dira 10:30etik 15:00etara.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu