Abadiñoko Udalak gaueko doako autobusa jarriko du San Trokaz jaietarako
Abadiñoko Udalak doako gaueko autobusa jarriko du maiatzaren 18an eta 25ean, herritarrek eta, bereziki, udalerriko gazteek, San Trokaz jaietara garraio publikoan eta segurtasunez joateko aukera izan dezaten. Autobusa 24:00etatik 04:00etara ibiliko da, 30 minutuz behin, Zelaietatik irten eta Muntsaratz eta Traña-Matienan geratuta (eta itzulerakoa).
Horrela, lehenengo eta azken zerbitzua Zelaietatik abiatuko dira, Bizkaibuseko geralekutik, eta geldialdiak egingo dituzte Muntsaratzen –Bizkaibusen geltokian– eta Traña-Matienan –Trañabarrenen, Bizkaibusen geltokian–. Norbaitek autobusean bertan eskatzen badu, autobusaren ibilbidea Andramariraino luzatuko da. Debekatuta dago autobusean janariarekin edo/eta edariarekin sartzea.